Politika -

PINTAKETAK

Sondikan, Gurutzetan eta Okondon egindako erasoak salatu dituzte EAJk eta PSE-EEk

Alderdi abertzaleak jarduera "onartezin" horiek bertan behera uzteko eskatu du berriro, eta eraso horiek gaitzesteko eskatu dio EH Bilduri.

Pintaketak Sondikako batzokian. Irudia: @eajpnvbizkaia
Pintaketak Sondikako batzokian
Pintaketak Sondikako batzokian. Irudia: @eajpnvbizkaia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk bere egoitzetako baten aurkako beste eraso bat salatu du, oraingoan Sondikako batzokian (Bizkaia). PSE-EEk, berriz, pintaketak jasan ditu Gurutzetako Herriko Etxean (Barakaldo).

Sondikan, Patxi Ruiz ETAko presoa aipatzen duten mezuekin margotu dute batzokiaren aurrealdea, amnistia eskatuz. Sondikan gertatutakoarekin, 34 sabotaje zenbatu dituzte Bizkaian hilabete pasatxoan EAJren egoitza sozialen aurka.

Alderdi abertzaleak jarduera "onartezin" horiek bertan behera uzteko eskatu du berriro, eta eraso horiek gaitzesteko eskatu dio EH Bilduri.

Era berean, Bizkaiko PSE-EEk Gurutzetako Herriko Etxean (Barakaldo) agertutako pintaketak salatu ditu, "Patxi S.O.S. Amnistia" irakur daitekeelarik.

Dagoeneko 12 dira Bizkaian pintadekin agertu diren PSE-EEren egoitzak, Idoia Mendia idazkari nagusi eta lehendakarigaiaren etxe atariaren kontra egindako erasoaz gain.

"Hormak zikintzea eta altzari publikoak suntsitzea ez dira aldarrikapenak, ekintza bortitzak eta koldarkeria onartezinak baizik, argi uzten baitute egileak intoleranteak baino ez direla, eta ez dakitela zer den errespetua eta demokrazia", adierazi du Mikel Torres Bizkaiko sozialisten idazkari nagusiak.

Bestalde, Arabako Okondo herriko batzokiak jasandako erasoa gaitzetsi du Arabako EAJko zuzendaritzak.

Pintaketan "Patxi gose greban. Amnistia osoa " irakur daiteke, eta bart egin dute.

Araba Buru Batzarrak erabateko gaitzespena agertu du jarrera "jasanezin eta onartezinen aurrean, konponbideak eman beharrean, elkarbizitza eta desberdinarekiko errespetua kaltetzen dutelako, Arabako eta Euskal Herriko gizarteak hainbatetan eskatu duen bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Araba Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Sondika Aiaraldea