Politika -
Legez besteko proposamena
Kongresuak Gobernua presatu du Billy el Niño polizia frankistari dominak kentzeko
Ia talde guztiek aldeko botoa eman dute; PP abstenitu egin da eta Voxek kontrako botoa eman du.
Agentziak | Erredakzioa
Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak PSOEk eta Unidas Podemosek Ciudadanosekin hitzartu eta aurkeztutako legez besteko proposamena onartu du gaur, Espainiako Gobernuari presaz eskatzeko Antonio Gonzalez Pachecho “Billy el Niño” polizia frankistari (hil ostean) eta berak bezala Giza Eskubideen aurkako ekintzak egin zituztenei dominak ken diezazkien.
Torturatzaile frankista koronabirusak jota hil eta hamaika egunetara, maiatzaren 7an, Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek ekimena erregistratu zuten, koalizio hitzarmenean jasotako konpromisoa berresteko.
Osoko Bilkurak asteazkenean eztabaidatu zuen testua, eta ostegunean onartu du Cuidadanos, ERC, Junts, EAJ, Bildu, Más País, Compromis eta BNG taldeen babesarekin. Voxek kontrako botoa eman du eskaerak “errebisionismo historiko hutsalean” sakontzen duelakoan eta PP abstenitu egin da.
Polizia frankisten 115 domina ordaintzen
PSOEek eta Unidas Podemosek beren proposamenean aletzen dutenez, “1979a baino lehen diktadura frankistako poliziei emaniko 115 dominen zenbateko ordaintzen ari da oraindik”.
Proposamenak Gobernuari eskatzen dio, halaber, “Estatuaren memoria demokratikoaren kontrakotzat jo ditzala goraipamena egin aurretik edo geroago diktadura frankistaren errepresio aparatua osatu zuten funtzionario eta agintariei beren zeregin edo karguagatik emaniko errekonozimendu eta ohore dominak”.