Politika -

COVID-19

Basurtuko eta Txagorritxuko agerraldien "itxuraldaketa" egin dela uste du Urkulluk

Bi agerraldiak "kontrolpean" daudela esan du lehendakariak. Intzidentzia tasak "onak" dira, eta bilakaerak "positiboa" izaten jarraitzen du, agintariak azpimarratu duenez.

Iñigo Urkullu lehendakaria azken bideokonferentzian. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Iñigo Urkullu lehendakaria azken bideokonferentzian. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Iñigo Urkullu lehendakaria azken bideokonferentzian. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirus pandemiaren datu orokorrek Euskadin egonkortasuna adierazten dutela nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak; izan ere, intzidentzia tasak "onak" dira, eta bilakaerak "positiboa" izaten jarraitzen du. Buruzagiak zehaztu duenez, Basurtuko (Bilbo) eta Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleetako agerraldien inguruan egindako "interpretazio publikoak errealitatea itxuraldatu du", bi agerraldiak "kontrolpean" daudelako.

Horregatik, 3 faseko lehen astearen datuekin egoera astelehenean berriz aztertzeko asmoarekin jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak; iragan astean iragarri bezala, alarma egoera bukatutzat eman eta Euskadi normaltasun berrian sartu ala ekainaren 21ra arte 3 fasean jarraitzea erabakitzeko.

Erkidegoetako presidenteen hamalaugarren eta azken bideokonferentzian, enplegua “gizarte politikarik onena” dela defendatu du Urkulluk. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza "Guztiok Bat" Estrategiarekin lanean ari dela iragarri du, epe ertain eta luzera ekonomia berriro suspertzeko.

Gainera, “Estatuan finantza marko bat zehaztea ezinbestekoa eta premiazkoa” dela esan dio Pedro Sanchezi, berreraikuntzarako planaren barruan. Industria haren ardatz izan behar dela errepikatu du EAEko buruzagiak.

Basurtuko (Bilbo) eta Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleetako agerraldien inguruan egindako “interpretazio publikoak errealitatea itxuraldatu du”, Urkulluk kritikatu duenez.

Hala eta guztiz ere, gertakizun horiek aurreikuspenen barruan zeudela erantsi du agintariak. “Gardentasunez jokatzen jarraituko dugu, azalpenak egunero modu ez zuzenean erabiltzea axola gabe”, adierazi du lehendakariak.

"Gardentasunez jokatzen jarraituko dugu, gure azalpenak egunero modu ez zuzenean erabiltzea axola gabe"

Urkulluren hitzetan, egungo egoerak bi errealitate agerian utzi ditu: lehena, kasuak antzemateko eta bakartzeko bilaketa sistemak “emaitza ona eman du”. Era berean, zaintza eta kontrol sistemak “ondo funtzionatu” du, esan duenez.

Gainera, agerraldiek “erne jarraitzeko” balio izan dutela onartu du buruzagiak, “benetako arriskuak” jarraitzen duelako. “Txerto edo tratamendu eraginkor bat izan arte, birusarekin elkarbizitzen jarraituko dugu”, gogorarazi du.

Horregatik, zaintza eta berehalako kontrola “errealitatea da, eta izango da”, nabarmendu duenez. “Gure lasaitasuna eta indarra da, eta izango da. Antzemandako agerraldiak kontrolpean daude”, ziurtatu du.

Zenbat eta mugikortasun eta askatasun handiagoa izan, “prebentzio eta babes gehiago” beharrezkoa izango dela azaldu du lehendakariak. “Errealitatearen araberako tentsio sanitario, indibidual eta kolektiboa”, gaineratu duenez.

Bestalde, Diputatuen Kongresua Berreraikuntzarako Batzordean lanean ari dela gogorarazi dio Urkulluk Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari. Zentzu horretan, Euskadik “industria tradizio luzea” duela azpimarratu du lehendakariak, eta edozein herrialdek oinarri sendoak izan behar ditu ekonomia “osasuntsu eta lehiakor” bat eraikitzeko.

Horregatik, “industria gabe ez dago berreraikuntzarik”, ziurtatu du EAEko buruzagiak, baina ezta ikerketa eta zientziarik gabe ere, ekoizpenerako inbertsioaren aldeko apustu barik, eta enpresak nazioarteko laguntzarik gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea