Politika -

Bilera

EAJk eta PSEk gobernu programa partekatu bat lantzea adostu dute

Bat egin dute lehentasunetan eta lasterren Gobernu "indartsu" bat osatzeko beharrean, eta irailaren hasierarako Eusko Jaurlaritza berria izatea adostu dute.

PSE-EE eta EAJ, Sabin Etxean bilduta. Argazkia: EFE
PSE-EE eta EAJ, Sabin Etxean bilduta
EAJk eta PSE-EEk abiatu dituzte koalizio gobernua osatzeko negoziazioak

1:25

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk, uztailaren 12ko hauteskundeen ostean egindako lehen bileran, "gobernu programa partekatua" lantzen hasteko batzorde teknikoak ezartzea adostu dute, "irailaren hasierarako" Jaurlaritza martxan izatea ahalbidetzeko. Bi alderdiek bat egin dute lehentasunen inguruko diagnosiarekin, baina ez dute zehaztu egonkortasuna bermatzeko formula koalizio-gobernu baten edo Legebiltzarreko babesaren bidez egingo litzatekeen.

Uztailaren 12ko hauteskundeen ostean, koalizio gobernua berregiteko aukerak aztertzeko lehen bilera egin dute bi alderdiek, eguerdiko hamabiak aldera.

Bilera Sabin Etxean izan da, EAJren Bilboko egoitzan, eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Miguel Angel Morales Antolakuntza idazkaria joan dira sozialisten izenean.

Jeltzaleen egoitzaren barruan, bileran parte hartu duten EAJko ordezkaritzako kideak zeuden: Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria, Andoni Ortuzar alderdiko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea burukidea.

Hauteskundeak EAJk irabazi zituen 31 eserlekurekin; PSE-EEk, berriz, 10 lortu zituen eta, ondorioz, bat eginda gehiengo osoa izango lukete.

Diagnostiko partekatua

Ordubete eta hiru laurden inguru iraun duen lehen hitzorduaren amaieran, bi alderdiek agiri bateratu bat igorri dute, eta baieztatu dute bi alderdiek "hasierako diagnostiko bat" partekatzen dutela hurrengo legegintzaldirako herrialdearen lehentasunen inguruan, eta "pandemiaren irteera zuzenduko duen Gobernu sendo eta egonkor bat" ahalik eta lasterren osatzeko beharrean.

Helburu horrekin, etorkizunean harremanak izateko eta "proposamenak trukatzeko" deia egin dute bi aldeek, "Gobernu programa partekatu baten ardatz nagusiak eta akordio batetik erator litekeen lankidetza parlamentarioa" zehazteko.

Halaber, bi alderdiek nabarmendu dute ikasturte politikoari hasiera emango dion Gobernu bat martxan jartzeko beharrarekin bat egiten dutela, "datozen hilabeteetan osasun arloan eska daitezkeen neurriak hartzeko prest, baita susperraldi ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriak hartzeko prest ere".

Irailaren hasiera

Idoia Mendia PSE-EEko buruak hitz egin du bileraren ondoren, eta zehaztu du bi alderdiek lan-batzorde teknikoak eratzea adostu dutela "Gobernu programa partekatua" osatzeko, "gai ekonomiko eta sozialetan" aurrera egiteko, "irailaren hasierarako erabat eratuta" egongo den Gobernu bat izan dadin EAEn.

Mendiak azpimarratu du "egonkortasun formulak" aztertzea izango dela azkena, hau da, "koalizio gobernua edo babes parlamentarioa" izango den erabakitzea.

"Lehenik eta behin, programa partekatu hori landu behar dugu, herri honek lehenik eta behin zein gai jorratu behar dituen argi utzi behar dugu, epe ertain eta luzeko begirada batekin eta, azkenik, koalizio-gobernua edo legebiltzarraren babesa den aztertuko dugu", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Euskal Autonomia Erkidegoa Idoia Mendia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak