EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

U12

Koalizio gobernua berriro osatzearen aldeko apustua egin dute EAJk eta PSEk

EAJk baieztatu du PSErekin gobernatzea dela bere lehentasuna eta sozialistek esan dute hitz egiten hasteko prest daudela. Bestalde, Odon Elorzak alderdiaren baitan eztabaida bat irekitzea eskatu du.

Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Itxaso Atutxa EAJren zuzendaritza bileran. Argazkia: EFE
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Itxaso Atutxa EAJren zuzendaritza bileran.
EAJ indartuta atera da, azken 36 urteotako emaitzarik onena lortuta

1:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk argi utzi dute astelehen honetan koalizio-gobernua osatzen saiatuko direla berriro. Aurreko legealdian ez bezala, oraingoan gehiengo absolutua izango dute.

Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur goizean adierazi duenez, PSE-EErekin koalizio-gobernua errepikatzea da EAJren lehen aukera, eta Iñigo Urkullu jeltzaleen lehendakarigaia sozialistekin hitz egiten hasi da dagoeneko. Hala ziurtatu du atzo, igandea, izandako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak aztertu ostean. Hain zuzen ere, EAJ izan zen alderdi bozkatuena.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, bere alderdiak hiru lurralde historikoetako bakoitzean legebiltzarkide bat irabazteko ezarritako helburua bete egin duela nabarmendu du Atutxak, eta "ziur" agertu da astelehen honetan bertan Urkullu PSE-EErekin kontaktuan jarri dela akordioa lortzeko negoziazioak hasteko asmoz.

"Hauteskunde-kanpainan, EAJk ez du ezkutatu lau urte hauetan hain ondo funtzionatu duen ituna berresten saiatuko zela, gobernatu duen erakundeetan emaitzak eman dituen koalizio-gobernua baita", esan du Atutxak. Ildo horretatik, PSE-EEko zuzendaritzak ere aukera horren alde egitea espero duela gaineratu du.

Horrez gain, igandeko emaitzei esker "historian ordezkari abertzale gehien izango dituen Legebiltzarra" osatuko dutela nabarmendu du Atutxak. Dena dela, etxean geratu zirenak eta abstenitzea erabaki zutenak errespetatzen dituela esan du, baina hauteskundeetan izandako abstentzio altuak bere alderdiari "min" egiten diola ziurtatu du, kanpaina osoan zehar euskal herritarrei bozkatzera joateko eskatu dielako.

PSE-EE koalizioa errepikatzeko prest agertu da

Bestalde, Eusko Jaurlaritzan koalizio-gobernua errepikatzeko aukerari buruz EAJrekin hitz egiten hasteko prest agertu da PSE-EE, baina EAJ indar bozkatuena izanik, "lehen urratsa ematea" jeltzaleei dagokiela ohartarazi du.

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak Radio Euskadin adierazi duenez, bere alderdiko zuzendaritzak gaur arratsaldean aztertuko ditu hauteskundeen emaitzak eta EAJrekin koalizioa berresteko aukera jorratuko dute.

Gainera, PSE-EEren emaitzak "ontzat" jo ditu, ordezkari bat gehiago lortu dutelako Eusko Legebiltzarrean, eta uste du euskal herritarrek PSOEren gobernuaren kudeaketari emandako "babesa" dela.

"Eusko Jaurlaritzan koalizio-gobernua osatzeko EAJren jarrera zein den ikusi beharko da orain", gaineratu du Anduezak, eta, kanpainan esan bezala, PSE-EE "euskal herritarren bizitza hobetzen eta zerbitzu publikoak indartzen pentsatuz negoziatzen saiatuko da", azpimarratu du.

Euskadiko Alderdi Sozialistaren zuzendaritza arratsaldean bildu da, eta uztailaren 12ko hauteskundeetatik PSE-EE "indartsu" atera dela eta Eusko Jaurlaritza osatzeko "erabakigarria" izango dela esan du, "EAJ eta EH Bilduren arteko itun subiranistarik ematen ez bada behintzat".  

Hamar eserlekurekin, bere burua "sendo" ikusten du PSE-EEk, jardun politikoa "oposiziotik nahiz gobernutik egiteko moduan".

Hori bai, Anduezak esandakoaren ildotik, hauteskundeak irabazi dituen heinean, iniziatiba hartzea EAJri dagokiola berretsi du ohar batean PSE-EEren zuzendaritzak. Halaber, erabakiak azkar hartzeko eskatu dio, "gobernu indartsu eta egonkor bat ahalik eta azkarren eratu ahal izateko".

PSE-EEren zuzendaritza bilera

(PSE-EEren zuzendaritza bilera. Argazkia: EFE)

Odon Elorzak barne-eztabaida eskatu du

Bestalde, PSOEren Batzorde Federalak goizean egin du bilera hauteskundeetako emaitzak aztertzeko, eta begi onez ikusi du EAJrekin ituna berrestea, lau urtez gobernatu duen koalizioa indartzea ekarriko duelakoan.

Alabaina, Alderdi Sozialistaren zuzendaritzan adostasuna ez da erabatekoa. Igandean, Odon Elorza diputatu gipuzkoarrak eta PSOEren Batzorde Federaleko kideak ondoko galdera egin zuen Twitter sare sozialean: "Egingo al dugu hausnarketa PSE-EEren baitan EAJrekin koalizio-gobernua ez errepikatzeko aukerari buruz?".  

Elorzak uste du oposizioan jarrera "eraikitzailearekin eta egonkortzailearekin" egotea ona izan daitekeela "ezkerreko politikak" egiteko, eta, ondorioz, barne eztabaida bat irekitzea eskatu du. "Inork ez dezala ziurtzat eman Euskadiko Alderdi Sozialistak EAJrekin koalizioan segituko duela", erantsi du.

Edonola ere, PSOEren estatutuen arabera, edozein gobernu-akordio berretsi aurretik, alderdiaren zuzendaritzak kontsulta egin behar dio militantziari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak PSE-EE Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak