Politika -
Gasteizen
Ezker Anitzak eta EPK-k Juan Carlos I.aren aurkako kereila zabaltzea eskatu dute
Espainiako errege emerituaren eta beste zazpi pertsonaren kontra 2018ko abenduan ezarritako kereilaren arabera, 13 delitu egin zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako errege emerituaren eta beste zazpi pertsonaren aurka 2018ko abenduan EPK-k, IUk eta Ezkerreko Abokatuen Foroak ezarritako kereila berriro zabaltzea eskatu dute astearte honetan, Gasteizen, Ezker Anitzak eta Euskadiko Partidu Komunistak (EPK). Kereila horren arabera, 13 delitu egin zituen Juan Carlos I.ak.
Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaile nagusiak Gasteizko Justizia Jauregiaren sarreran adierazi du "ustelkeria kasuei eta paradisu fiskalei" buruz uda honetan jasotako informazio anitzen ondotik datorrela eskaria.
"Teorian, Espainian guztiontzako berdina da justizia, eta monarkia ez da zertan ikerketa batetik salbuetsita geratu behar. XXI. mendean gaude eta demokrazian bizi gara", azaldu du.
Bandera errepublikanoak eskuetan zituztela, hainbat lagunek mezu hauek zabaldu dituzte kalean: "Herri xeheak zereginak ditu, borboiek, aldiz, pribilegioak", "Errepublika berriro", "Monarkiarik ez".
Jon Hernandez EPK-ko idazkari nagusia ere bertan izan da, eta berretsi du Juan Carlos I.a eta haren familia ikertzeko arrazoi nahikoa dagoela. Justizia Jauregiko eskailerak uzteko Ertzaintzak egindako eskariagatik protestak etenaldi labur bat izan ostean, Hernandezek "nahitaezkotzat" jo du kereila berriro irekitzea.