Politika -

Ekinen desegitea

Ekin erakundeak bere desegitea iragarri du

Ezker abertzaleak hartu duen norabidearen ondorio natural gisa deskribatzen dute erakundearen desegitea. Albistea azken zuzendaritzako bi kideri Gara egunkariak egindako elkarrizketan jakinarazi da.

Ekin-en ekitaldi historikoa, artxiboko irudia. Argazkia: EITB
Ekin erakundeak bere desegitea iragarri du

01:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekin erakundeak desegin egin dela iragarri eta 12 urteko ibilbideari amaiera eman dio, Gara egunkariak gaur argitaratu duenez.

Ekin, legez kanpo zegoen KAS taldeko oinordekoa zen. 1999 urtean sortu zen erakundea "independentista, iraultzaile, nazional eta euskaldun" gisa.

Ofizialki 1999ko azaroaren 6an Iruñeako Anaitasunan egindako asanblean eratu zen, bi mila lagun inguruk parte hartu zuten ekitaldian. 50. hamarkadan ETAren jatorri izan zen talde nazionalista batek harturiko izana jarri zioten.

Gudari Egunaren testuinguruan zehaztu da desegitea Gara egunkariak azaltzen duenez. "Eztabaida sakon baten ondorioa" izan dela dio egunkariak, udaberrian hasi zen eta ezker abertzaleak hartu duen norabidearen ondorio natural gisa deskribatzen dute desegitea. Egoera politiko berri honetan egin beharreko lana egina dagoen edo jada zaharkituta gelditu den galdetzen dira.

Ekin KASen oinordekotzat hartu izan da, 1998an legez kanpo gelditu eta autodesegitea erabaki zuen taldea.

Justiziak "ETA eta ezker abertzalearen arteko zubi" izatea leporatu dio urteotan Ekini; baita kale borrokaren estrategiaren gidari izatea ere.

Erreakzioak:

Eusko Jaurlaritza

Ekinen desegitea, indarkeriaren aroaren amaierarako bidean "pauso bat gehiago" dela esan du Patxi Lopez lehendakariak larunbat honetan, eta "behin betiko pausoa ETAren desegitea" izango dela berretsi du.

Alderdi Popularra

Ekinen desegitea datozen hauteskundeetarako ezker abertzalearen "kanpainarekin" bat datorrela esan du Bizkaiko Alderdi Popularreko presidenteak, Anton Damboreneak eta "ekintzak" eskatu ditu.

Aralar

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak "ontzat" jo du Ekinen desegitearen albistea eta, esan duenez, "'aurrerapausoa suposatzen du martxan dagoen bake prozesuan'.

Bildu

Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere, Martin Garitanok (Bildu), "garai politiko berrian kokatzeko", "ontzat jo" du Ekinen erabakia.

Espainiako Gobernua

Gobernuko bozeramaileak, Jose Blancok,  "ETAren desagerpenerako pauso bat gehiago" dela adierazi du, "baina argi dago azkena ez dela", esan du.

Barne Ministerioa

Antonio Camacho Barne ministroaren hitzetan, ETA "desegite prozesu geldiezin batean" murgilduta dago, eta dagoeneko "herri honen bizimodua baldintzatzea amaitu egin dela onartzen hasi da".

EA

Ekinen desegitea "ezker abertzale osoak bere helburu politikoak gauzatzeko bide politikoen alde egindako apustu bakar, esklusibo eta zorrotzaren isla da", Ikerne Badiola Eusko Alkartasuneko komunikazio idazkariaren hitzetan.

Ezker abertzalea

Ezker abertzaleak "txalotu" egin du Ekinen desegitearen iragarpena eta erabaki hori "aro politikoarekin bat egiten" duela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea