Politika -
Haserre Gaua
Elkarretaratze luze bat Bilbon, espetxe politika aldatzea eskatzeko
Sortuko idazkari nagusiaren ahotan, “ez dago elkarbizitzarik, bakerik, ezta askatasunik ere” presoek “espetxean jarraitzen duten” bitartean, “eta are gutxiago, kartzelan hiltzen diren bitartean”.
Agentzia | Erredakzioa
Sortuk deituta, elkarretaratzea egiten ari dira gauean, Espainiako Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzaren aurrean, presoei aplikatzen zaien espetxe politika aldatzea eskatzeko.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak adierazi duenez, “ez dago elkarbizitzarik, bakerik, ezta askatasunik ere” presoek “espetxean jarraitzen duten” bitartean, “eta, are gutxiago, kartzelan hiltzen diren bitartean”.
“Haserre gaua” lelopean, 21:00etan mobilizazio nagusia egin dute manifestariek. Era berean, presoen aldeko aktibismoaren inguruko mahai-ingurua eta konferentzia bat egingo dituzte. Elkarretaratzea igande honetan 09:00ak aldera bukatzea espero da.
Igor Gonzalez Sola ETAko presoaren suizidioa Martuteneko espetxean “ez zen heriotza naturala izan”, salatu du Rodriguezek elkarretaratzean. Dagoeneko zigorraren hiru laurdenak beteak zituen, eta gaixorik zegoen, gogorarazi duenez.
“Espainiako legediaren arabera, aske egon behar zen jadanik. Ondorioz, haren heriotza saihestu zitekeen. Labur esanda, heriotzaren arduradunek izen-abizenak dituzte. Igor Gonzalez Sola ez da hil. Igor Gonzalez Sola salbuespeneko espetxe politika batek hil du”, esan du.
Zentzu horretan, “indarkeria bakarra egun estatuena da”, adierazi du Sortuko idazkari nagusiak. “Presoak bakarturik edo etxetik ehunka kilometrora, urrun, mantentzea indarkeria da”, azpimarratu eta honakoa erantsi du: “Herri honek elkarbizitza, bakea eta askatasuna nahi ditu”.
“Ez dago bizikidetzarik, bakerik eta askatasunik presoek espetxean jarraitzen duten bitartean”, defendatu du. “Egoera honi atzerapen gehiagorik gabe amaiera jartzea” aldarrikatu du. “Ez dugu hitz politik nahi, ekintzak baizik. Behin ETA desagertuta sakabanaketa politika 48 ordutan amaituko zela entzun genuen askotan. Zuon legea bete eta zuen salbuespeneko espetxe politika bazterrean utzi”, eskatu du.
Azkenik, Sortuk “bakea eta askatasuna lortzeko borrokan” jarraituko duela gaineratu du Rodriguezek, eta helburua lortzeko, “gehiago ahalegintzea” eskatu die manifestariei.