Politika -
EH Bildu
"Birusarekin elkarbizitzeko" estrategiak "porrot" egin duela salatu du Otegik
Bestalde, "frustrazioa eta haserrea diskurtso sinplista baten bidez bideratzeko arriskuak eskuin muturrari atea ireki diezaioke leku gehiegitan", ohartarazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
eitb.eus
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak post batean azaldu duenez, COVID-19ari aurre egiteko “bi estrategia posible zeuden eta daude: birusa neutralizatzearen alde egin duena eta birusarekin elkarbizitzearen alde egin duena. Bata edo bestea aukeratzeko erabakia, kasu batzuetan, osasunaren eta ekonomiaren arteko eztabaida faltsuak baldintzatu du, eta horrek ondorio argi bat izan du Euskal Herri osoari dagokionez (eta neurri txikiagoan bada ere baita Europa osoan ere): birusarekin bizitzeko estrategia ez digu onurarik ekarri ez gure osasun publikoari ez gure ekonomiari”.
“Salbatu nahi ziren bi parametroak hondatu egin dira estrategia horrekin. Gaur egun frogatuta dago pandemiaren hasieran defendatu genuen konfinamendu gogorraren proposamenak kurba makurtu zuela, eta hortik azkar irteteak (gutxiengo baten interes ekonomikoak babestu besterik nahi ez zuena) berriz ere nahi ez dugun konfinamendu posible batera garamatzala. Pandemiaren hasieran esan genuen: konfinamendua baino zerbait okerragoa dago eta hori bigarren konfinamendua da. Frantziako Estatuak konfinamendu gogorra baina mugatua ezarri du. Alemaniak tabernak eta jatetxeak itxi ditu… Zerk pentsarazten digu eszenatokia desberdina izango dela?”, galdetu du.
“Txinak, Zeelanda Berriak edo Hego Koreak oso kontrolatutako konfinamendu hertsien eta deseskalatuen aldeko apustua egin zuten bitartean (gureak baino askoz ere arakatze-ahalmen handiagoarekin), Euskal Herriko gure agintari publikoek gure osasun sistemak (Osakidetza/Osasunbidea) ez kolapsatzeko apustua egin zuten”, nabarmendu duenez.
Otegiren hitzetan, “gaur egun, konfinamendu zorrotzaren eta zuhurtziazko desgorakadaren aldeko apustua egin zuten herrialdeek gurea baino askoz egoera ekonomiko eta sanitario hobea dute, eta guri, berriz, gure mugikortasunari dagokionez ez ezik, gure eskubide sozial eta ekonomikoei mugak ezartzen dizkiete. Badakit herrialde horiek ez dutela gure kulturarik, baina gure kulturaz beste egun batean hitz egingo dugu”.
Bestalde, “gure agintariek, Hegoaldean, birusarekin batera porrot egin duen osasun sistemak ez kolapsatzea helburu zuen estrategia bat bultzatu dute. Sistema horiek ahuldu egin dira hainbat hamarkadatan, murrizketa politikei esker”, gogorarazi du.
“Eta zer gertatu da pandemiaren azken hilabete luzeetan gure osasun profesionalak txalotzen ari ginen bitartean? Gure osasun publikoa edo hezkuntza indartzeko inbertsio publikorik gabe jarraitzen dugula. Zaintza sistema sendo bat eratu gabe jarraitzen dugula gure herrian”, kritikatu du.
EH Bilduko buruzagiaren ahotan, “jokatzeko modu horren erantzuleak administrazio publikoak kudeatzen dituztenak dira. Datu bakar bat: Nazioarteko Diru Funtsak ere (ezkerrekoa izatearen itxurarik ez dauka) adierazten du inbertsio ekonomikorik onenetako bat COVID-ari aurre egitera bideratutakoa dela. Europan batez beste BPGren % 10 bideratzen da birusari aurre egitera; Espainiako Estatuan, berriz, % 4 bideratzen da. Eta Euskal Herrian?”
“Izan ere, hemen neurri murriztaileak hartzen dira (berandu eta gutxiegi), inolako memoria ekonomikorik ez dakartenak (hemen ordaintzen dugu maskaretaraino!!!). Birusaren aurkako gure lehen defentsa lerroko kontratazio publikoak ez dira existitzen, eta, aldi berean, obra handien kostua handitzen da, hala nola Donostiako metroa edo abiadura handiko trena, zeina jakin dugun 2024rako ere ez dela egongo. Zentzugabekeria eta zabarkeria bat, oso garesti ateratzen ari zaiguna”, salatu du.
“Lehen konfinamendutik zerbait ikasi badugu, egin dezagun bigarrena saihesteko beharrezkoa dena, edo, gutxienez, ezinezko bihur dezagun hirugarren bat. Asko dugulako jokoan, osasun arloan, baina baita arlo ekonomikoan eta sozialean ere”, nabarmendu du.
“Hilabeteak daramatzagu osasun, ekonomia eta gizarte ondorio izugarriak dituen urakan pandemiko baten zentroan. Ez da arbuiagarria, gainera, egunero jasaten dugun benetako estres-proba horrek gure gizarteetan ondorio iraunkorrak eta sakonak izatea. Datozen urteetako osasun publikoaren ondorioak zehazteke daude oraindik. Frustrazioa eta haserrea diskurtso sinplista baten bidez bideratzeko arriskuak eskuin muturrari atea ireki diezaioke leku gehiegitan”, ohartarazi du.
“Bizi dugun frustrazio, amorru, antsietate eta beldurraren testuinguru honetan, ziurtasunak ematea eta erantzukizunez jokatzea premia larria da ezker politiko osoarentzat, oro har, eta gure herriko ezker subiranistarentzat, bereziki”, azaldu du.
“Gure herria beharrezko erabakiak hartzeko gai den herri heldu gisa tratatzea da gure arazo asko eta askotarikoei aurre egiteko lehen baldintza. Eta horrek gardentasuna eta argi hitz egitea eskatzen du”, errepikatu duenez.
Otegiren esanetan, “COVID-19ren pandemiaren jatorria, aurrekoak eta ondorengoak bezala, kapitalismo baten jarrera harraparian dago. Kapitalismoak gero eta azkarrago inbaditzen ditu ekosistemak, gaixotasun biriko berriak transmititzen, agertzen eta kutsatzen laguntzen dutenak (hegaztien gripea, Txerrien gripea, Behi eroak)”.
“Beraz, korapiloa pazientziaz askatzen hasiko gara: kapitalismoak ezarritako ekoizpen eta kontsumo ereduak nabarmen aldatu ezean, ezingo dugu egoera horretara eraman gaituen bidea urratu”, gomendatu du.
Zentzu horretan, “gaur egun, inoiz baino gehiago, gure bizi, ekoizpen eta kontsumo moduak giza eskalan aldatuko dituzten politika publikoak berreraiki eta garatzeko tresna gisa erabili eta ulertu behar da militantzia politikoa. Horrela bakarrik ezabatuko dugu arriskuaren zati handi bat, zero arriskua existitzen ez dela jakinda ere. Baina epe ertain eta luzerako estrategia da hau, eta hemendik aurrera eraiki behar bada ere, ez digu uzten arazoei epe laburrean aurre egiten”, esan du.
Azkenik, “guk ez dugu partekatuko eta aurre egingo diogu askatasun indibidual burgesaren izenean bere agenda protofaxista inposatu nahi duen eskuin muturraren agendari. Gu egongo gara birusari aurre egiteko hartu beharreko neurri guztien atzean. Baina gu, era berean, gehien kolpatutako sektoreen erreskatea eta gure osasunaren edo hezkuntzaren defentsa eta indartzea eskatzen arituko gara. Izan ere, interes kolektiboa indibidualaren gainetik jartzea defendatuko dugu edozein lekutan. Guk interes publikoa defendatuko dugu beste edozein interesen gainetik”, adierazi du.