Politika -

GASTEIZ

EH Bilduk Subillako gas proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Atzo udal gobernuak jarduera horretarako baimena ukatu zuen eta gaur talde guztiek, EAJk ezik, proiektua baztertzeko adierazpena onartu dute.

Subilla. EITBko bideo batetik hartutako irudia.
Subilla
Subilla. EITBko bideo batetik hartutako irudia.

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk EAJri ohartarazi dio ez duela "lizentzia sozial eta politikorik" Subillan (Araba) gasa esploratzen jarraitzeko, eta Armentia-2 putzuaren "zentzurik gabeko abentura alde batera uzteko" eta energia berriztagarrien aldeko apustu "irmoa eta premiazkoa" egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurreko batean, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea pozik agertu da Gasteizko Udalak Armentia-2n (Subilla) gasa esploratzeko eskatutako jarduera baimena ukatzeko hartutako erabakiarekin.

Nabarmendu duenez, "udal teknikariek baieztatu egin dute EH Bilduk ohartarazi zuena; izan ere, Gasteizko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, putzu hori ezin da egin Eusko Jaurlaritzaren menpeko SHESA sozietate publikoak proposatutako lekuan eta baldintzetan".

2011 eta 2016 urteetan txosten teknikoek aukera hori ukatu zutela gogoratu ostean, Oterok kritikatu egin du "Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia, Arantxa Tapia sailburua eta EAJ, oro har, proiektu hori babesten tematu izana", eta "udal teknikariek denok genekiena berresteko kontrako txostena berriro egin dutenean baino ez dute amore eman", gaineratu du.

"Txosten juridiko horri jaramonik ez egiteak prebarikazioaren eremu arriskutsu eta labainkorrean sartzea esan nahiko luke", esan du SHESAk proiektu horrekin izandako "lardaskeria izugarria" kritikatu aurretik.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, EAJ "bakarrik geratu da gehiengo sozialaren, teknikoaren eta politikoaren aurrean". "EAJk ez du gas esplorazioarekin aurrera jarraitzeko baimen politiko edo sozialik", ziurtatu du.

Errekurtsoa

Zentzu horretan, "Gasteizko Udalaren diktamena ez errekurritzeko eta Armentia-2 putzuaren zentzurik gabeko abentura behingoz bertan behera uzteko" eskatu dio.

Azkenik, Oterok berriro salatu duenez, SHESAk "urteak daramatza diru publikoa xahutzen errentagarriak ez diren gas-proiektuetan, eta horrek urtero diru publikotik milioika euro ematera behartzen ditu EAJ eta PSE", eta 2021eko aurrekontuak 6,8 milioi euro bideratzen dituela sozietate publiko horretara zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Frackinga EH Bildu Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gas naturala