Politika -

Koronabirusa

Urkulluk, istiluen inguruan: "Ez da jarrera insolidarioen eta indarkeriaren unea"

Lehendakariaren iritzian, aste honetako "irudiek inflexio puntu baten aurrean kokatu gaituzte", eta Jaurlaritzaren konpromisoa "gertutasunez eta elkarrizketaz" aritzea dela erantsi du.

Urkullu, gaurko agerraldian. Argazkia: EITB MEDIA
Iñigo Urkullu
Lehendakariak babesa adierazi die Ertzaintzari eta Udaltzaingoei

1:6

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, "ez da jarrera insolidarioen eta indarkeriaren unea", eta ildo horretan, "herritarren konpromisoa"ri dei egin dio. Asteon, hainbat udalerritan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren eta zenbait herritarren artean izandako istiluen inguruko balorazioa egin du, horrenbestez, lehendakariak.

Urkullu Sagardui eta Hurtado Osasun eta Turismo sailburuekin batera agertu da prentsaurrekora, gobernu bileraren ondotik. Nabarmendu duenez, "hau ez da arazoak areagotzeko edo larriagotzeko unea. Denon artean irtenbideak bilatzeko unea da. Inoiz ez da, orain bezala, auzolanerako jarrera eraikitzailea hain beharrezkoa izan".

Lehendakariak uste du azken egunetako "irudiek inflexio-puntu baten aurrean" kokatu gaituztela. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren "konpromisoa" berretsi du "gertutasunez eta elkarrizketaren bidez konponbideak bilatzeko, proposatzeko eta adosteko".

Urkulluk azaldu du Jaurlaritzako kideek "harriduraz, tristuraz eta suminduraz" hartu dituztela azken egunotan pandemiari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileak ez betetzearen harira izan diren "irudiak, adierazpenak eta egoerak", baita istiluak ere.

"Benetan uste dut ez dela interes pertsonala kolektiboaren gainetik jartzeko unea. Erronka komunitario honen aurrean ezin da pertsonalismoz jardun", erantsi du.

Horri kontrajarriz, "gardentasunez eta zintzotasunez" jokatzeko deia egin du, eta Jaurlaritzak berak ere horrela jardungo duela azpimarratu du. 

Azkenik, agerraldiak bukatuta kazetariek egindako galderei erantzunez, lehendakariak aitortu du txertaketan izan diren irregulartasunen aurrean, "pena eta amorrua" sentitzen duela.  Itaundu badiote ere, ez du beste argibiderik eman; izan ere, aurreratu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bihar emango dituela azalpenak Legebiltzarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa