Politika -

Auzitegi Nazionala

4 urteko kartzela zigorra bi gazteri, "kale borrokarako lehergaiak ezkutatzearren"

Fiskaltzak proposatutako zigorra arindu dute epaileek, eta zortzi urtekoa beharrean, lau urteko espetxealdia ezarri die biei terrorismoarekin lotutako ekintzetarako lehergaiak zituztelako.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Galder Barbado eta Aitor Zelaia Auzitegi Nazionalean.
Galder Barbado eta Aitor Zelaia Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak lau urteko zigorra ezarri die Aitor Zelaia eta Galder Barbado-ri ustez kale borroka ekintzetarako erabili behar zituzten lehergaiak ezkutatzeagatik.

Fiskaltzak proposatutako zigorra arindu dute epaileek, eta zortzi urtekoa beharrean, lau urteko espetxealdia ezarri die biei terrorismoarekin lotutako ekintzetarako lehergaiak zituztelako. Alegia, epaileak ez ditu, fiskalak eskatu bezala, erakunde terrorista bateko partaidetzat jo.

Epaileek horrela erabakita, urtebete aske baina zaintzapean egon beharko dira bi auzipetuak. Epaiak dio argi dagoela 2018ko urriaren 4an Duranako (Araba) ur-biltegi batetik gertu atzemandako lehergaiak egiteko materiala ezkutatu zutela 2014an, plastikozko bidoi batean.

Bidoian aurkitutako objektu guztiak lehergaiak egiteko eta ondoren bide publikoan leherrarazteko erabili behar zituztela zehazten du epaiak.

Esan bezala, bi auzipetuak objektu horrekin lotu dituzte, haien hatz-markak aurkitu zituztelako horietan.

Gainera, gazte horien etxebizitzetan bridekin betetako motxila bat, eskularruak, buru-berokiak, walkie talkieak eta sakelako telefonoak topatu zituzten.

Epaiketan, auzipetuek aitortu zuten ezker abertzalearen bide politikoak eta demokratikoak erabiltzeko estrategia babesten dutela, eta, beraz, indarkeriaren aurka daudela. Halere, epaileak berretsi du zulo hartan aurkitutako materialak argi utzi zuela "kale borroka ekintzetarako asmoa" zeukatela.

EH Bildu: "Zigorra salbuespeneko auzitegi batek ezarri du"

Bestalde, EH Bilduk bi gazteei ezarritako kartzela-zigorra errefusatu du, epaitegi "partzial" batek ezarri duelako eta "muntaia polizial" batean oinarritzen delako.

Barbado eta Zelaia "zigortzeko probak muntaia polizial batean oinarrituta" egin zirela gogorarazi du koalizio soberanistak, eta gogora ekarri du "Ertzaintzak parte hartze zuzena" izan zuela "muntaia polizial horren prestakuntzan".

Halaber, bi gazteak "denboraz eta lekuz kanpo dagoen salbuespenezko epaitegi batek" zigortu dituela kritikatu du, "gure herrian bizi dugun egoera politikoarekin zerikusirik ez duena".

Horrez gain, Barbado eta Zelaia epaitu dituen epaimahaia "Bateragune auzian erakutsitako partzialtasunagatik zigortu du berriki Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak", gogoratu du.

EH Bilduk bere babesa eta elkartasuna helarazi die bi zigortuei.

Sortu: "Estatu sakonak bakea eraikitzea oztopatu nahi du"

Bestalde, Sortuk azpimarratu du Zelaia eta Barbado "kalean eta libre" egon behar dutela eta Auzitegi Nazionala "soberan" dagoela.

"Aitorren eta Galderren aurkako auzia garaiz eta lekuz kanpo dago. Ezker abertzaleak bakea eta askatasuna erdiesteko fase berri bat irekitzeko hautua egin eta bultzatu du Euskal Herrian. Halako operazioek, epaiketek eta sententziek gure herria iraganean kateatzeko helburua dute eta hori onartezina da", salatu du ohar batean.

"Poliziako, judikaturako eta oro har sakoneko Estatuko zenbait sektore bakearen eraikuntza prozesua oztopatzeko jardunean ari dira", ohartarazi dute.

Gauzak horrela, Sortuk azpimarratu du "kartzelak husteko garaia" dela eta "ez betetzen jarraitzekoa". Halaber, "salbuespen legediekin amaitu" behar dela eta "Auzitegi Nazionala soberan" dagoela adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Araba Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Gazteak