Politika -

GAL

Galindori ohorezko dominak kenduko dizkioten argitzeko eskatu du EH Bilduk Kongresuan

Horrez gain, Guardia Zibileko jeneral ohia publikoki goratzeagatik zenbat pertsona atxilotu edo ikertu dituzten jakinarazteko galdegin dio koalizio soberanistak Espainiako Gobernuari.

Enrique Rodriguez Galindo larunbatean hil zen koronabirusak jota. Artxiboko argazkia: EFE
Enrique Rodriguez Galindo larunbatean hil zen koronabirusak jota.
Enrique Rodriguez Galindo larunbatean hil zen koronabirusak jota. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Kongresuan erregistratutako galdera baten bidez, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiari emandako ohorezko dominak kenduko ote dizkioten argitzeko eskatu dio koalizio soberanistak Espainiako Gobernuari.

Galindo joan den larunbatean hil zen koronabirusak jota. Josean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketan eta hilketan parte hartzeagatik zigortu zuten.

Antonio Gonzalez Pacheco, 'Billy El Niño', torturatzailea hil zenean, Pedro Sanchezen Gobernuak iragarri zuen domina guztiak kenduko zizkiotela, eta Galindorekin gauza bera egingo duten jakin nahi du EH Bilduk.

Halaber, Galindok Guardia Zibilean izan zuen ibilbidean jaso zituen 12 dominei buruzko espedienteak eskatu ditu.

Horrez gain, Galindoren heriotzaren ondotik haren figura goraipatuz hainbat mezu eta artikulu argitaratu dira sare sozialetan eta komunikabideetan. Bi euskal herritar bahitzeagatik eta hiltzeagatik zigortu zutela kontuan hartuta, terrorismoa goratzeagatik zenbat pertsona atxilotu edo ikertu dituzten argitu dezala galdegin dio Iñarrituk Espainiako Gobernuari.

Galindori egindako gorazarrea errefusatu du Denis Itxasok

Bestalde, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak bat egin du Sara Buesaren eta Consuelo Ordoñezen adierazpenekin eta Galindori erakutsitako babesa kritikatu du.

Guardia Zibilaren elkarte batek Galindo goraipatu zuen sare sozialen bidez, eta Buesak nahiz Ordoñezek horrelako adierazpenen aurka daudela esan zuten.

"Galindo 75 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten hainbat krimengatik eta bere alde esan daitekeen guztiak biktimen minean eragiten du eta ez du aurrera egiteko laguntzen", ohartarazi du Itxasok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak GAL