Politika -

ELKARRIZKETA

"Pandemiaren aurkako lege burujabe bat babestuko genuke, baina propaganda dirudi"

ERCrekin duen aliantza eta Juntsekin eta CUPekin duen "harreman bikaina" azpimarratu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Arnaldo Otegi, Radio Euskadin
Arnaldo Otegi, Radio Euskadin
Otegik ''propaganda kutsua'' ikusten dio pandemiari aurre egiteko euskal legeari

1:17

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 14an Katalunian egindako hauteskundeetan independentismoak lorturiko gehiengoa azpimarratu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: "Independentismoa ezkerretik hazten ari da eta unionismoa, berriz, eskuin muturretik". Otegiren hitzetan, "batek askatasun proiektu bat islatzen du eta, besteak, XIX. mendera itzultzen gaitu". PSCren garaipena "Ciudadanosen amiltzearekin" lotu du Otegik.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, EH Bilduk ituna sinatu du Esquerra Republicana de Catalunyarekin (ERC), hain zuzen ere, Katalunian gobernatu nahi duen alderdiarekin, eta harreman bikaina" du CUPekin eta Juntsekin. "EAJren aliatua" den PDeCAT, ostera, Parlamentutik kanpo gelditu da. Otegiren arabera, Katalunian "botoen % 51 independentistak dira eta % 60 autodeterminazioaren aldekoak". "Hemen gehiago gara, baina ez dago ez prozesurik ez borondaterik batzuen aldetik", gehitu du. 

Pablo Haselen atxiloketaren harira, kantatzeagatik kartzelara joatea "aberrazioa" dela uste du. Ezberdintasun politikoak gorabehera, bere elkartasuna adierazi dio Otegik. "Gero batzuk harritu egiten dira geroz eta independentista gehiago daudelako. Jendeari galdetu behar zaio zergatik ez den independentista. Zer eskaintzen du estatuak?", galdetu du.

Urkulluk proposatutako pandemiaren aurkako euskal legearen alde agertu da, baina "propaganda kutsua" ikusten dio: "Propaganda asko eta eztabaida gutxi". Eusko Jaurlaritzak bere buruarekin bakarrik hitz egiten duela salatu du Otegik. EH Bilduko buruzagiaren iritziz, Urkulluk proposatutako aukera horrek argi erakusten du zein den errealitatea: "Lehendakariak ezin du bizitza osoa igaro munduko autonomia handiena dugula esanez, eta gero baliabiderik ez duela esan eta errua besteei bota". Lege berriaz aparte, gaur egun Eusko Jaurlaritzak "dituen bitartekoekin gauza gehiago" egin ditzakeela iritzi dio Otegik.

Ertzaintza ere hizpide izan du. Telesforo Monzon Herri Batasuneko (HB) diputatu ohiak Ertzaintzaren sorreran parte hartu zuela gogoratu du Otegik. "Ertzaintza noraezean dago", eta "denok dugu horren erantzukizuna". Gaineratu duenez, "agian jendea harrituko da", baina "EH Bildu bozkatzen dutenen artean ertzainak daude". Ildo horretan, "ezker abertzaleko jendea orain Ertzaintzan sartzen ari da". Otegiren esanetan, Ertzaintza "berreskuratu egin behar da eta duela 40 urte eraman nahi genuen tokira eraman: demokratikoa eta euskalduna izan eta herrialdearen zerbitzura egon dadin".

Rodriguez Galindoren heriotzari buruz galdetuta, onartu du ez dagoela "norbaiten heriotzagatik pozteko fasean". Dena dela, Galindok Lasa eta Zabalaren torturan eta hilketan duen "erantzukizuna" gogorarazi du. "Galindoren jendeak behingoz herrialdea uztea nahi dut", "higiene demokratikoagatik indar horiek soberan daude herri honetan". Galindori egindako laudorioak salatu dituzte Consuelo Ordoñez edota Sara Buesa ETAren biktimek eta horri buruz galdetuta Otegik esan du Intxaurrondokoa ez zela banako batzuen arazoa izan eta bera toki horretan torturatu zutela aipatu du.

Erredakzioan itzulia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Katalunia gaur Berriak Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza berriak EH Bildu Gipuzkoa Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea COVID fokuak