Politika -

Manifestazioa

Ehunka pertsonak tortura "sistematikoa" izan dela salatu dute Tolosan

Aste honetan Intxaurrondoko audioen berri izan ondoren, "ez al dute ezer esateko horri buruz? Ez al dute ezer egiteko asmorik?", galdetu die Sortuk Urkullu, Mendia, Itxaso eta Chiviteri.

Manifestazioa Tolosan (Gipuzkoa). Argazkia: Sortu
Manifestazioa Tolosan (Gipuzkoa). Argazkia: Sortu
Manifestazioa Tolosan (Gipuzkoa). Argazkia: Sortu

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk deituta, "Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak!" lelopean, ehunka pertsonak salatu dute Tolosan (Gipuzkoa), aste honetan argitara eman diren audioek tortura Euskal Herrian "sistematikoa" izan dela "demostratzen" dutela.

Manifestazioa Triangelu plazatik abiatu da 12:30ean eta Tolosako plaza Zaharrean amaitu da.

Mikel Zabalzaren senideek uste dute Publico agerkari digitalak egunkariak iragan astelehenean argitaratu zuen grabazioak balio dezakeela familiak beti defendatu duen teoria berresteko eta gizarteari entzunarazteko: "Mikel Intxaurrondon hil zutela".

Publico egunkariak Luis Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren audioa argitaratu zuen. Bertan, Gomez Nietok dio Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, bihotzekoak jota, torturatzen ari ziren bitartean, poltsarena egiten ari zitzaizkionean.

Elkarrizketa berdinean, CESIDeko koronel ohiaren eta Guardia Zibilaren kapitainaren ahotsak entzuten dira, eta Lasa eta Zabala kasuaz mintzatzen dira. Audioa Naiz egunkariak kaleratu zuen asteartean.

Bertan, bi gazte gipuzkoarrez mintzatzen dira CESIDeko koronel ohia eta Gomez Nieto, garai hartan Intxaurrondoko kuartelean aritzen zena. Zalbazaren kasuan ez bezala, horiek "hil ez zitzaizkiela" argitu zion Gomez Nietok Peroteri, "buruan bi tiro" emanda hil zituztela baizik, "kaputxarik gabe".

Gomez Nietok xehetasun beldurgarria eransten du, gainera: hil baino lehen euren zuloak eginarazi zizkietela. "Aurrena, euren zuloak eginarazi zizkieten, zuloak eginarazi genizkien", dio hitzez hitz.

"Ez al dute ezer esateko horri buruz? Ez al dute ezer egiteko asmorik?", galdetu die gaur Sortuk Iñigo Urkullu lehendakaria, Idoia Mendia lehendakariordea, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari.

Protesta bukatu ondoren, Haimar Altuna Sorturen kontseilu nazionaleko kideak adierazi duenez, "hamarkadetan zehar torturaren praktika onartu eta estali duen sare bat izan da Euskal Herrian, erabateko inpunitatearekin". "Gobernu, alderdi, polizia, auzitegiko mediku, epaile, fiskal eta komunikabideek" sarean parte hartu dutela salatu du.

Zabalza eta Lasa eta Zabala auzien inguruko grabazioen aurrean, lehendakariaren, PSE-EEko idazkari nagusiaren, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren eta Nafarroako presidentearen "isiltasuna" kritikatu du Altunak.

"Moral bikoitza horrekin ezin daiteke inolako elkarbizitza, bake eta askatasunik eraiki", ohartarazi du Altunak. "Ezker abertzaleak jadanik egin zuen bezala, guztiek gatazkan izan duten erantzukizuna onartzeko ordua da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Gipuzkoa Tolosa ETA Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Giza eskubideak GAL Polizia abusuen kasuak