Politika -

Ustelkeria

'De Miguel auzia'ren ebazpena berresteko eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Gorenari

Arabako Auzitegiak 13 urteko eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Alfredo de Migueli, EAJren Arabako bigarren eta foru diputatu izan zenari.

'De Miguel auzia'ren epaiketako saio bat. Argazkia: Efe
'De Miguel auzia'ren epaiketako saio bat. Argazkia: Efe
'De Miguel auzia'ren epaiketako saio bat. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak 'De Miguel auzia'ren zigorrak berresteko eskatu dio Auzitegi Gorenari. EAJko hiru buruzagi ohi eta Eusko Jaurlaritzan zuzendari izandako bat daude EAEn epaitu den ustelkeria politiko kasu handienean nahastuta, eta 13 eta 6 urte arteko kartzela-zigorrak jaso zituzten.

Fiskaltzako iturrietatik jakinarazi dutenez, Ministerio Publikoak inpugnazioa sartu du Arabako Lurralde Auzitegiak eman zuen ebazpenari zigortuek jarritako helegitearen kontra, eta ebazpena osorik berresteko eskatu du.

Arabako Auzitegiak 13 urteko eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Alfredo de Migueli, EAJren Arabako bigarren eta foru diputatu izan zenari, legez kanpoko elkartea osatzea, kargua bidegabekeriaz erabiltzea, eragin trafikoa, prebarikazioa eta diru-publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.

Koldo Otxandiano (7 urte eta erdi) eta Aitor Telleria (6 urte eta erdi) EAJko Arabako agintari ohiak ere zigortu zituen, Javier Sanchez Robles (7 urte eta hilabete bat) Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari ohiarekin batera.

Ebazpenean agertzen denez, EAJko agintari ohiek "euren burua eta beste pertsona batzuk aberasteko legez kanpoko etekina lortzeko" egitasmo bat osatu zuten, eta helburua lortzeko "eragin politikoa" eta EAJko kide izateagatik zituzten harreman pertsonalak baliatu zituzten.

Arabako Auzitegiak gogorarazi zuen De Miguelek eta Telleriak "postu garrantzitsua" zutela eta "botere posizioa" Arabako EAJn, "gobernuan zegoen alderdian", eta horregatik "eragin handia" zutela.

Auzitegiak legez kanpoko zazpi operazio zenbatzen ditu, horietako batzuk komisioen ordainketarekin lotutakoak, esaterako, Zanbranan (Araba) egindako operazio urbanistikoa, non orain absolbituta dauden bi enpresaburu katalanek 320.000 euro ordaintzea onartu baitzuten.

Arabako Parke Teknologikoa handitzean izandako irregulartasunak ere frogatutzat jo dituzte; izan ere, enpresa bati esleipen bat egiteagatik komisio bat kobratzen saiatu ziren. Hain zuzen ere, hori izan zen kasu honen jatorria; Ainhoa Alberdi abokatu eta enpresaren administratzaileak salatu zuen De Miguelek 100.000 euroko komisioa eskatu ziola.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Eusko Jaurlaritza Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak