Politika -

ELKARRIZKETA

'Ezin gara salbuespenean bizi: espetxeetako normaltasunak lehentasuna izan behar du'

Beatriz Artolazabal sailburuaren ustez, espetxe eredu berriak bergizarteratzean eta justizia leheneratzailean oinarritu behar du, eta preso guztiei aplikatu behar zaiela uste du, baita ETAkoei ere.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Radio Euskadin
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Radio Euskadin
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Radio Euskadin

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxe eskumena eskualdatzeko "kontaktu teknikoak eta politikoak" badirela onartu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. "Hitzartutako egutegia betetzea espero dugu", azpimarratu du. Transferentzien Batzorde Mistoa apirilean bildu ahalko dela uste du Artolazabalek, baina ez du datarik aurreratu.

Jaime Tapia izango da Eusko Jaurlaritzaren espetxe eskumena diseinatu eta kudeatuko duen pertsona, eta haren izendapena defendatu du Artolazabalek, "giza balio sendoak dituelako". Ildo horretan, espetxe eredua bergizarteratzean eta justizia leheneratzailean oinarrituko dela aurreratu du. De Miguel auziagatik Tapiaren kontra izandako kritiken aurrean esan du ez dutela ezer berririk gehitzen, eta erreala ez den egoera bat helarazi nahi dutela.

Espetxe eredu berri horrek ETAko presoei ere eragingo die. Artolazabalen esanetan, "ezin gara salbuespenean bizi: espetxeetako normaltasunak lehentasuna izan behar du". Gaineratu duenez, zigorrak "erregimen irekian" betetzeko aukera egon behar du. Sailburuaren arabera, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioetan ez dira ETAko presoez hitz egiten ari. "Salbuespen espetxe politika beste garai batean gertatu zen, ETAk bere jarduera armatua utzi du eta, beraz, bizikidetzan aurrera egitea ahalbidetu behar duen beste garai batean gaude", nabarmendu du.

Artolazabalen iritzian, euskal epaitegietako egoerak okerrera egin du koronabirusaren krisiarekin, baina digitalizazioak prozesuak arinduko dituelakoan dago: "2021eko aurrekontuetan jasota dago baliabideak hobetzea". Berak gidatzen duen sailak Bilboko Mapfre eraikina hartzeko interesa du, Justizia Jauregiaren "gabeziak" konpontzeko: "Jauregiaren inguruan instalazioak handitzeko aukerak aztertzen ari gara". "Eraikin horren eta 'kristalezko eraikinaren' tasazioa eta Fiskaltzarako beste eraikin baten erreforma esleitu ditugu, baina arazoak sortu dira", esan du. Nolanahi ere, "2022ko udarako" obrak amaitzea eta Bilboko Justizia Jauregia "arintzea" aurreikusi du.

Zabalza auziari buruz galdetuta, Justizia sailburuak esan du kasu honetan "egia judizial bat" badagoela, baina hori berrikustearen alde agertu da "beldur bainaiz ez diola benetako egiari obeditzen". Artolazabalen ustez, "inork ez du beste alde batera begiratzen torturen kasuan", eta ez dago ados Maddalen Iriarterekin, magistratua zenean hori egitea leporatu baitio Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari. "Biktimen eskubideak defendatzea ideia partekatua izan behar da, biktima guztiena", erantsi du.

Erredakzioan itzulia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Presoak bideoak Albisteak Gaur Albisteak Espetxeen albisteak gaur