Politika -
Espainia
Femen taldeko ekintzaileek ekitaldi frankista baten aurka protesta egin dute Madrilen
Espainiako Poliziak emakumeak identifikatu ditu, frankistek keinu faxistak eta "urdangak", "emagalduak" edo "mari-zikinak, nork ordaintzen dizue?" bezalako oihuak egiten zituzten bitartean.
EiTB Media | Agentziak
Femen taldeko ekintzaileek ekitaldi frankista baten aurka protesta egin dute Madrilen. Francisco Franco diktadore eta militar kolpistak 1939an Madril hartu zenekoa gogora ekarri dute frankistek ekitaldian. Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzak ospakizun faxista egiteko baimena eman du.
'Madrilgo Askapenaren LXXXII. Urteurrena' ospatzeko ekitaldia antolatu dute frankistek Garaipen Arkuan. Soina biluzik zuen emakume talde bat agertu da, eta parez pare protesta egin du, "Faxismoari ez ohorerik, ezta loriarik ere" lelopean.
Emakumeak elkarretaratze frankistaren erdian kokatu dira, baina Espainiako Poliziak kendu ditu, frankistek keinu faxistak eta "urdangak", "emagalduak" edo "mari-zikinak, nork ordaintzen dizue?" bezalako oihuak egin ala "putetxera" itzultzeko agintzen zieten bitartean. Espainiako poliziek ekintzaileak identifikatu dituzte.
Ekitaldi frankista Garaipen Arkuan (Madril). Argazkia: EFE
Horrela, ekitaldi frankistak aurrera jarraitu ahal izan du. Tribunako atrila diktadorearen aurpegiarekin jantzi dute. Zenbait pertsonak hitza hartu dute, banderak (bi buruko arranoa, karlistak eta falangistak) aldamenean zituztela.
"Mendebaldeko zibilizazioaren oinarriak zalantzan daudenean eta itzultzen ari den hordaren espiritu miserablearen aurrean, garaipena ez da bakarrik ageriko egin behar, gizarte zibil libre eta harroak dialektikoki defendatu behar du", azpimarratu dute hizlari frankistek. Antolatzaileen hitzetan, estatu-kolpe frankista "irtenbide bakarra" zen egoera "oso larri" baten aurrean, II. Errepublikari erreferentzia eginez.
Gainera, egunean zehar Erorien Haranean meza eta otoitz egin dute. Diktadorearen panteoian, Mingorrubion, lore eskaintza egin dute. Azkenik, 'otordua' egin dute hiriburuko jatetxe batean, irudi frankistekin apainduta.