Politika -

KORONABIRUSA

Gaur eztabaidatuko dute Sagardui gaitzesteko proposamena, Eusko Legebiltzarrean

EH Bilduk otsailean erregistratu zuen ekimena Eusko Legebiltzarrean, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa irregularren auzian "gezurra" esatea leporatuta.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburuan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean (artxiboa)
Gotzone Sagardui Osasun sailburuan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur Eusko Legebiltzarrean egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko dute Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaitzesteko proposamena, EH Bilduk eskatuta.

EH Bilduk otsailean erregistratu zuen ekimena Eusko Legebiltzarrean, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa irregularren auzian Osasun sailburuak "gezurra" esan zuela iritzita.

Hasiera batean, ekimen hori ez aktibatzea erabaki zuen EH Bilduk, gertaeren eboluzioaren zain eta Jaurlaritzari konfiantzarako tarte bat emate aldera. Hala ere, iragan astean EAJk eta PSE-EEk txertaketa bidegabeen inguruko agerraldia atzera bota ostean, Sagardui gaitzesteko ekimena berriro aktibatu zuen EH Bilduk.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, Urkullu eta bere gobernua ez dira gai pandemiari aurre egiteko, eta "beraien akatsak besteei" leporatzen dizkiete.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak EH Bilduri egotzi zion helburu alderdikoiak dituen pandemiarekin politika "okerrena" egitea, eta horri "miserablea" dela iritzi dio.

"Burugabekeria, arduragabekeria eta lotsagabekeria politikoa", horrela definitu zuen Iturratek EH Bilduren jarrera, koalizioak Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaitzesteko proposamena martxan jarri duela jakin ostean.

Iturrateren ustez, ekimen honek herritarren artean "zarata, nahasmena eta liskarra" sortzea du helburu, EH Bilduk badakielako porrotera kondenatuta dagoela.

EAJko legebiltzarkidearen esanetan, EH Bilduk ez du lortuko gobernu bat geldiaraztea edo baldintzatzea, pandemiatik lehenbailehen irteteko indarrak batu behar diren une honetan, eta berretsi zuen EAJ nazkatuta dagoela entzuteaz dena gaizki egin dela, dena inprobisatu dela eta deskoordinazioa egon dela; aitzitik, horren arabera, birusaren aurrean tresna guztiekin jarduten ari dira.

Amaitzeko, Iturrateren arabera, gaur ekimena eztabaidatzen denean, EH Bildu PP, Ciudadanos eta Vox alderdien ondoan egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Osakidetza PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak berriak Gaixotasunak bideoak EH Bildu Araba PSE-EE albisteak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak gaur Basurtuko ospitalea albisteak Txertoak egutegia Vox Koronabirusaren Eris aldaera gaur