Politika -

Kartzelen eskumena

Artolazabal: "Espetxe politikak bizikidetzarako aktibo izan behar du"

Justizia sailburuaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak Euskadin aplikatu nahi duen ereduak "ez du legedi aldaketarik behar, irakurketa aurrerakoi eta birgizarteratzaile bat baizik".

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua. Argazkia: EFE
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua. Argazkia: EFE
EAEko espetxe ereduak erdi askatasuneko erregimenak sustatzea izango du helburu

1:21

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak adierazi duenez, Euskadin aurrera eramango duten espetxe politikak "bizikidetzarako eta normalizazio politikorako aktibo izan behar du", baina beti "biktimak eta haien eskubideak aintzat hartuz, biktimagileek autokritika eginez eta ardurak bere gain hartuz -indarkeriaren bidegabekeria politiko, demokratiko eta etikoagatik- eta konponbidea landuz".

EAEko espetxeak kudeatzeko eskumenaren inguruko jardunaldiak egin dituzte Gasteizen. Artolazabalek eta Jaime Tapia Jaurlaritzako espetxe aholkulariak hitza hartu dute. Exekutiboak asteartean argitaratutakoaren ildoan, kartzeletan hirugarren graduak areagotzeko helburua finkatu dute.

1979ko Autonomia Estatutuan jasotako eskumenaren transferentzia iragan astelehenean sinatu zuten Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, baina eskumena ez da urriaren 1era arte gauzatuko.

Larunbat honetan 20 bat elkartek parte hartu dute ekitaldian, eta EAEko hiru kartzeletako zuzendariak ere bertan izan dira.

Artolazabalen ahotan, Eusko Jaurlaritzak Euskadin aplikatu nahi duen ereduak "ez du legedi aldaketarik behar, irakurketa aurrerakoi eta birgizarteratzaile bat baizik".

"Inork, egin duen delitua bata ala bestea izan, ez du tratu berezirik jasoko euskal espetxeetan"

Azken egunetan azaldu bezala, "eredu gizatiarragoa, hurbilagoa eta laguntza nahi duenari lagunduko diona" garatu nahi dutela azpimarratu du sailburuak.

Artolazabalek iragan ostiralean Eusko Legebiltzarrean nabarmendu bezala, horrek ez du esan nahi "biktimen eskubideak eta beharrizanak bistatik galduko" dituztenik.

Zentzu horretan, mezu "aldrebesak eta manipulatuak" bota dituztenen jarrera deitoratu du sailburuak, eskumenarekin "ETAko presoen aldeko mesede tratua izango dugula" adierazi baitute.

"Hoteletan biziko direla esan dute, jantziak neurrira egingo dizkiegula edo kartzelatik ateratzeko trikimailuak erabiliko ditugula. Mesedez, ez jokatu hainbat eta hainbat biktimari eragiten dieten gai serioekin. Gai korapilatsuak dira, tratu askoz arduratsuagoa merezi dutenak", esan du.

Euskadiko hiru kartzeletan (Zaballa, Martutene eta Basauri) mila bat preso daude, eta horietatik 40 bakarrik ari dira ekintza terroristengatik zigorra betetzen, sailburuak gogorarazi duenez. Artolazabalek azpimarratu duenez, "inork, egin duen delitua bata ala bestea izan, ez du tratu berezirik jasoko euskal espetxeetan".

Gainera, Eusko Jaurlaritza "kartzelen antolakuntzaz eta funtzionamenduaz arduratuko da, ez gehiago ez gutxiago", erantsi du. Horrela, espetxe aldaketak edo "hurbilketak Espainiako Gobernuaren erabakia izango dira, baita indultuak ere", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Espetxeak