Politika -

Memoria

ETAren jazarpena jasan zuten espetxeetako funtzionarioak aitortuko ditu Jaurlaritzak

Espetxeetako funtzionarioek pairatu zuten sufrimenduari eta indarkeriari buruzko ikerketa datorren urtean amaituta egongo dela espero du Eusko Jaurlaritzak.

Maximo Casado espetxeetako funtzionarioa omendu dute Zaballan. Argazkia: EFE
Maximo Casado espetxeetako funtzionarioa omendu dute Zaballan.
Maximo Casado espetxeetako funtzionarioa omendu dute Zaballan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat agindu du espetxeetako funtzionarioek ETArengandik jasan zuten jazarpena aitortzeko asmoz.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburua Zaballako kartzelan izan da bisita ofizialean eta han egin du iragarpena.

Datorren urriaren 1etik aurrera, Zaballako, Basauriko eta Martuteneko espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da.

Bisita hasi aurretik, Artolazabalek espetxeetako funtzionarioak izan ditu gogoan, "sasoi zail haietan basakeria terroristaren presioa eta zentzugabekeria bizi behar izan zutelako".

"Sufrimendu hori aitortzeko eta ez ahazteko", Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat egin dezala agindu dio Deustuko Unibertsitateko Arrue Institutuari. Datorren urterako amaituta egongo dela espero dute.

"ETAren mehatxupean egon diren zinegotziei, presiopean egon diren ertzainei edo Estatuko Segurtasun Indarrek Euskadin bizi izandako egoera zailari buruzko beste lan batzuen formula bera jarraituko da ikerketa honetan egiterakoan", azaldu du Artolazabalek.

Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-ereduaren diseinua lantzerakoan "biktimak ardatza" izango direla azpimarratu du, eta justizia errestauratiboaren eta "birsozializatzearen, berreztearen eta birgizarteratzearen" aldeko apustua berretsi du.

Horrez gain, Maximo Casado espetxeetako funtzionarioa omentzeko baliatu du bisita Artolazabalek. 15 urtez egin zuen lan Langraizeko kartzelan. ETAk 2000. urteko urriaren 22an hil zuen.

"Garrantzitsua da estatistiketan ez galtzea; biktimek izen-abizenak dituzte eta ezin ditugu haien izenak eta ibilbideak ahaztu", nabarmendu du.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Espetxeak