Politika -

Giza Eskubideak

Udaberri 2024, "bizikidetza aberasgarriagoa laguntzeko" egitasmoa

Jaurlaritzak Memoria Historikoari eta Demokratikoari buruzko Legearen onarpena bultzatuko du, eta bi urtean behin Euskadiko giza eskubideen egoerari buruzko txostena egitea proposatzen du.

Prentsaurrekoa Lehendakaritzan. Irudia: EiTB Media
Prentsaurrekoa Lehendakaritzan.
Bizikidetzan aurrera egitea du helburua Jaurlaritzaren Udaberri 2024 plan berriak

1:23

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak gaur azaldu du bizikidetzarako, giza eskubideetarako eta aniztasunerako 2024 Udaberri Planak, 2021. eta 2024. urteen artean indarrean egongo denak, honako xede hau duela: "pertsona guztiek, giza eskubideak erabat baliatuz, bizikidetza hobea eta aberasgarriagoa izan dezaten laguntzea".

Lehendakaritzan egin den prentsaurrekoan, Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak lagunduta, sailburuak honako hau nabarmendu du: "bizikidetza Planaren helburua, iparra eta etorkizuna da".

Sailburuaren iritziz, "ETAren indarkeria terroristaren zikloaren amaierak gure ahalegina bizikidetzan zentratzeko aukera paregabea dakarkigu. Honako mugarri hau oinarri duen bizikidetza hobea: giza eskubideak: eskubide guztiak pertsona guztientzat".

2024 Udaberri plana irailean onartzea aurreikusten da. Lehenengo, Eusko Jaurlaritzak kontraste-zikloa jarriko du erakunde, entitate eta eragileekin, testua aberasteko; izan ere, "bizikidetzako eta giza eskubideetako politika politika nuklearra da herrialde honentzat", esan du sailburuak.

"Zenbait hamarkadatako indarkeria terroristaren eta beste indarkeria-adierazpen batzuen ondoren, indarkeriarik gabeko etorkizuna merezi dugu, pertsonaren duintasunaren, giza eskubideak baliatzeko babesaren eta berme eraginkorraren, pertsona guztientzako eskubide guztien eta aniztasunean oinarritzen den bizikidetzaren ikuspegitik", esan du Rodriguez Ranzek.

Artolazabalek esan duenez, "Bizikidetzarako Euskadiko Agendaren erronka dagoeneko abian diren lau irakasgai hauei aurre egitea eta haiek nota onez gainditzea da: biktimen aitorpen legala, instituzionala, soziala eta sinbolikoa; iraganari buruzko hausnarketa autokritikoa; espetxe-politikaren normalizazioa, eta tokapetaren kultura sendotzea".

Artolazabal: "Aniztasuna ez da birus bat; txerto bat da, printzipio aktibo bat, balio bat"

Zehazki, Plana biktimen begirada sendotzeko sortu da, eta, horretarako, biktimen erakunde- eta gizarte-aitorpenaren aldeko apustua egiten du: biktima guztiak parekatzerik gabe, konpentsaziorik gabe, bazterketarik gabe.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko egiten den lanaren osagarri izango den Euskadiko Memoria Historikoari eta Demokratikoari buruzko Legearen onarpena sustatuko du eta haren ezarpenaren buru izango da; izan ere, "etorkizuneko Euskadik memoria duen Euskadi izan behar du", esan du Rodriguez Ranzek.

"Gaur egun giza eskubideetarako bizi dugun arriskuko testuinguru globalean, gure aukera irmoa eta tinkoa da: giza eskubideak erabat eta eraginkortasunez balia daitezen defendatu, babestu eta bermatzea", esan du Artolazabalek. Giza eskubideen defentsa oinarri da, bizikidetza hobea eta aberasgarriagoa eraikitzeko.

Politikei giza eskubideen ikuspegia emateko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, bi urtean behin Euskadiko giza eskubideen egoerari buruzko txostena egitea proposatzen du.

"Aniztasuna ez da birus bat; txerto bat da, printzipio aktibo bat, balio bat", adierazi du sailburuak, eta "XXI. mendeko Euskadiko gizartea erabat anitza" dela esan du.

"Gizarte anitzak oparoagoak direlako" uste osoa izanik, 2024 Udaberri Planak tratu-berdintasuna areagotzea eta bazterketaren aurka borrokatzea ditu xede. Horretarako, legealdi honetan tratu-berdintasunari eta bazterketarik ezari buruzko Euskadiko lege integrala idaztearen eta onartzearen aldeko apustua egiten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Giza eskubideak