Politika -

GAL-en erailketak

Jauregi: "Indarkeria mota ezberdinek eragindako bidegabeko mina aitortu behar da"

GALen ekintzak argitzeko dokumentazio, lekukotza eta argazkiak eskatu ditu B-Egiaz plataformak. Helburua da GALen hilketak ikertzea.

Pili Zabala eta Maria Jauregui, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Pili Zabala eta Maria Jauregui
Pili Zabala eta Maria Jauregui, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delituak preskribatuta daudela argudiatuta, GALen hilketen ingurumarian, Felipe Gonzalez Espainiako presidente izandakoa ikertzea baztertu zuen ostiralean Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Pili Zabala Joxi Zabala GALek hildako ETAko kidearen arrebak egindako eskaerari, bada, ezezkoa eman zion Ministerio Publikoak.

Hala iragarri zuen Zabalak berak B-Egiaz plataforma sortu berriaren prentsaurreko batean. Zabalarekin batera, Maria Jauregi, Juan Mari Jauregi ETAk hildako buruzagi sozialistaren alaba ere azaldu zen prentsa aurrera. Elkarteak GALen erailketak ikertzea du helburu.

Radio Euskadi bi emakumeokin izan da goizean. Pili Zabalak azaldu duenez, 3.000 bat sinaduraren babesa du elkarteak, eta argitu du horren ostean zeinu politiko guztietako pertsonak daudela. "Hori zen gure helburua: bizipen, lanbide eta ideologia ezberdinetako pertsonak giza eskubideak babesteko eta sustatzeko batu ahal garela agerian uztea", nabarmen du.

Maria Jauregiren ustez, giza eskubideen defentsan, "indarkeria mota ezberdinek eragindako bidegabeko mina aitortu behar da herri honetan". Horregatik, azpimarratu du "bizikidetza osasuntsu bat eraiki nahi badugu, emateko dugun pausoetako bat" dela "Estatuak GAL existitu zela aitortzea.

Horren harira, GALen ekintzak argitzeko balio dezaketen dokumentazio, lekukotza eta argazkiak izanez gero, B-Egiaz plataformari helarazteko eskatu dute Zabalak eta Jauregik. Erantsi dutenez, "konfidentzialtasun osoa" gordeko dute.

"Dokumentazioren bat" badagoela eta "garrantzitsua" izan daitekeela aitortu badute, ez dute gehiago zehaztu nahi izan.

Biek ala biek gogorarazi dutenez, Amnistia Internazionalak eta giza eskubideen alde jarduten duten beste nazioarteko erakunde batzuek uste dute delitu mota hauek ez direla preskribatzen. "Herrialde bat ez da guztiz demokratikoa izango herritar bakoitzak historiaren elementu guztiak modu objektiboan ezagutzeko aukera izan arte", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Espainia albisteak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan Terrorismoaren Biktimak GAL