Itxi

2021/06/13

15:02

Politika

Elkarretaratzea Colon plazan

PP, Vox eta Cs berriz elkarrekin, oraingoan Kataluniako politikarien indultuen aurka

EiTB Media | Agentziak

Union 78 plataformak deitu du elkarretaratzea. Pedro Sanchezen Gobernu "ezgai, parasito eta autoritarioaren" aurka egin du plataformak manifestuan.

1:44
Manifestariak, Madrilen
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Madrilgo Udaltzaingoak zenbatu duenez, 126.000 pertsonak parte hartu dute Kataluniako politikarien indultuen aurkako elkarretaratzean, Colon plazan, eguerdian, Madrilgo Udalak jakitera eman duenez.

Espainiako Poliziak, ostera, 25 000 pertsona zenbatu ditu, Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, hau da, bost aldiz manifestari gutxiago.

Union 78 plataformak deitu du protesta. Pedro Sanchezen Gobernu "ezgai, parasito eta autoritarioaren" aurka egin du plataformak manifestuan. "Aski da", oihu egin du, grazia neurriaren kontra, demokraziaren aurkako "eraso larria" delako.

"Iraintzen duen Gobernu bat, gaur herri erdia baino gehiago iraindu du, ultraeskuintzat joz, ez da guztientzako Gobernu bat, botere baztertzaile, sektario eta arriskutsu bat baizik", adierazi du Rosa Diez Union 78 plataformako sortzaile eta UPyDko presidente ohiak.

Era berean, Andres Trapiello idazleak eta Yeray Mellado gazte kataluniarrak manifestuak irakurri dituzte. Mobilizazioa "historikotzat" jo du Melladok. Pablo Casado, Santiago Abascal eta Ines Arrimadas PP, Vox eta Ciudadanoseko buruzagiak, hurrenenez hurren, protestan sakabanaturik izan dira.

Eskuinaren elkarretaratzea Madrilen. Argazkia. EFE

Eskuinaren elkarretaratzea Madrilen. Argazkia. EFE

Pablo Casado PPko presidenteak Espainiaren subiranotasunaren zati bat ez "lapurtzea" edo "saltzea" eskatu dio Gobernuari. Genova kaleko egoitzaren atean, iraganeko adierazpenekin "koherentzia" eskatu dio Casadok Pedro Sanchezi, politikari presoak askatuko ez zituela esan baitzuen. "Duintasuna eta batasun nazionala errespetatzea", exijitu dio.

Santiago Abascal Voxeko presidenteak "sigla politikoen gainetik" batasuna aldarrikatu du. "Sanchez min handia egiteko kapaz da, espainiar guztiak, siglen gainetik, Colon plazan elkarrekin egotea garrantzitsua da; beste behin ere beldurrik eta argazkiaren inongo lotsarik gabe itzuli gara", adierazi du Abascalek.

Zigorrak ez barkatzeko eskatu dio Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruzagiak Sanchezi, 2019ko hauteskunde-kanpainan defendatu bezala. Zigorrak osorik betetzea aldarrikatu du.

Bestalde, Rafael Simancas Diputatuen Kongresuko Talde Sozialistaren idazkari nagusiak ziurtatu duenez, Colongo elkarretaratzeak "zatiketa, haserrea eta istilua bultzatzen ditu".

Pere Aragones Generalitateko presidenteak amnistia, autodeterminazioa eta independentzia aldarrikatzera deitu du, "nahiz eta faxismoa eta eskuina amorratu".

Azkenik, Gabriel Rufian ERCko bozeramailearen hitzetan, Madrilgo elkarretaratzea "ultraeskuinaren narkosala antzeko bat da, jende horrentzako metadona txarra banatzen baitute bertan".

Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusia indultuen aurka sinatzen, Gasteizen. Argazkia: EFE

Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusia indultuen aurka sinatzen, Gasteizen. Argazkia: EFE

"Besaulkian" jarraitzeko "amore ematea" leporatu dio Euskadiko PPk Sanchezi

"Besaulkian" jarraitzeko, indultuen "xantaiari amore emateko" Pedro Sanchez gobernuburuaren "asmoa" salatu du Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusiak.

Indultuen aurkako sinadurak bildu ditu Euskadiko PPk Gasteizen. 1000 sinadura inguru bildu dituztela jakitera eman du Garridok. Herritar bakoitzak bere "ekarpen txikia" egitea garrantzitsua da, "irain eta bidegabekeria" bat diren indultuei "ezetz ozen" bat emateko, azpimarratu duenez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;