Politika -
Zuzendaritzaren aurkezpena
EH Bilduk trantsizio energetikorako akordioa eskaini die arabar eragileei
EH Bildu Arabaren zuzendaritzaren aurkezpenean, San Saturninok eskatu du, akordiorik lortu ezean, energia ekoizpen handiko enpresei baimenik ez emateko.
EITB Media | Agentziak
Ibon San Saturninok, EH Bildu Arabako arduradun politikoak, trantsizio energetikoa egiteko akordioa eskaini die lurraldeko eragile politiko, sozial eta sindikalei. Gainera, hitzarmenik sinatu ezean, energia kontsumo handiko enpresei baimen gehiago ez emateko eskatu du.
EH Bilduk Arabako zuzendaritza berria aurkeztu du gaur, Ibon San Saturnino buru duela, Amurrion egindako ekitaldian.
Arduradun politikoak azaldu du enpresen proiektu energetikoak "aurreikuspenik eta planifikaziorik gabe" egiten direla, berehalako etekin ekonomikoak bilatuz. Hala, San Saturninok berretsi du erakundeek euren betebeharrei heldu eta "gehiengoaren mesedetan" oinarritutako planak egin behar dituztela.
Beste alde batetik, ordezkari politikoak esan du "EAJren kudeaketa onaren mitoa" bertan behera gelditu dela Araban, eta Eusko Jaurlaritzak "paralisi politikora" eraman duela lurraldea.
Azkenik, San Saturninok azpimarratu du gizarte bidezkoago baten aldeko apustua egingo dutela, ingurumena zainduko duena eta EAJ neoliberalismoari aurre egingo diona.