Politika -
Epaiketa
Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxea epaituko du Zaragozako atentatuagatik
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak atzera bota du bere auzipetzea agindu zuen Ismael Moreno epailearen autoaren kontra aurkeztutako apelazio helegitea.
Agentziak | EITB Media
Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxearen aurkako ahozko epaiketa abiatuko du ETAk Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuagatik. Zigor Aretoak atzera bota du bere auzipetzea agindu zuen Ismael Moreno epailearen autoaren kontra aurkeztutako apelazio helegitea, eta, beraz, Josu Urrutikoetxeak akusatuen aulkian eseri beharko du.
Josu Urrutikoetxearen defentsak argudiatutakoaren aurka, Zigor Aretoko Hirugarren Sekzioak baztertu egin du oinarrizko eskubideak urratu direla. Horren arabera, auzipetze autoak zehatz azaltzen ditu gertaerak, eta eginbideak eta sumarioko beste elementuak ere jasotzen ditu.
Auzitegiaren testuak dioenez, apelazioa aurkeztu duen aldeak kriminalitate zantzuren bat aitortzen du eta horrek auzipetze autoa ematera behartzen du.
Edozein kasutan, ahozko epaiketan aztertuko dira instrukzio fasean bildutako zantzu guztiak.