Politika -

Irregulartasunak

EH Bilduk "ustezko iruzurra" salatu du Jaurlaritzaren sozietate baten lizitazio publiko batean

ETSk gertatutakoa "barne-akatsa" izan dela ziurtatu du, eta "ondorio interesatuak ateratzeko susmoak hedatu dituela" leporatu dio koalizioari. EH Bilduk, berriz, Iñaki Arriolaren agerraldia eskatu du.

Unai Fernandez de Betoño eta Josu Estarrona, EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EH Bildu
Unai Fernandez de Betoño eta Josu Estarrona, EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EH Bildu
Jaurlaritzaren lizitazio publiko bat ustez aurretik erabakita zegoela salatu du EH Bilduk

1:9

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk salatu duenez, Euskal Trenbide Sareak (ETS), hau da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren menpeko sozietate publikoak, eta Sener Ingenieria y Sistemas enpresak, "iruzur egin zuten", ustez, lehiaketa publiko batean aipatutako enpresa horri 1,2 milioi euroko kontratu bat esleitzeko. Bi aldeek ekainaren 18an formalizatu zuten kontratua. Hori dela eta, koalizioak azalpenak eskatu dizkio Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari.

Unai Fernandez de Betoño eta Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurreko batean azaldu dutenez, "zantzu argiak" dituzte bi aldeek kontratuaren esleipena "ETSk zegokion lehiaketa publikoa deitu baino lehen hitzartu eta prestatu" zutela esateko. Prozesu horretara sektoreko beste bost enpresa aurkeztu ziren.

Estarronaren hitzetan, "kasu hau oso larria da, frogatuko bailuke CNMC-Merkatu eta Lehiaren Batzordeak berriki zigortu dituen iruzurrezko praktikak hedaturik daudela kontratazio publikoetan, administrazio, instituzio eta arduradun politiko batzuek praktika horiek ezagutzen dituztela eta konnibentzia dagoela nolabait".

Bere iritziz, "frogatuko luke enpresa batzuek harreman pribilegiatuak dituztela Jaurlaritzarekin, eta honek horren arabera kontratatzen dituela enpresa batzuk ala besteak; modu horretan lehiaketa publikoak formalismo eta itxurakeria hutsa izango lirateke".

Hau da, lehiaketa horien helburua "ez litzateke aukera berdintasuna, gardentasuna eta lehia askea bermatzea, kontratazio prozesuari legezko itxura ematea baizik, den-dena hasieratik erabakita eta lotuta dagoelako, enpresak lehiaketara aurkeztu aurretik ere".

Zehazki, EH Bilduk atzemandako "ustezko iruzurraren helburua" EAEko Trenbide Sarearen Azterlana idazteko laguntza-zerbitzuaren kontratazioa zen. Kontratu hori otsailaren 2an atera zen lizitazio publikora, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin.

Antza, "PDFaren metadatoak ezabatzea ahaztu zitzaien eta dokumentuaren propietateetan argi agertzen da informazio hori". Zantzu horiek ikusirik,otsailaren 8an bi legebiltzarkideek ohartarazi zuten pentsa zitekeela, "bat, Euskal Trenbide Sareak lizitazioa 'ad hoc' diseinatu zuela Sener kontratatzeko; bi, esleipen irregular baten aurrean egon gintezkeela eta, hiru, horrek lehiaketa publiko guztietan bermatu behar diren berdintasun, gardentasun eta lehia askearen printzipioak urratu zitzakeelaa".

Guztira, sei enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora eta, irizpide objektiboak kontuan hartuta, lau enpresak Sener-ek baino puntuazio hobea lortu zuten arren, irizpide subjektiboak aplikatuta, ETSk Sener kontratatzea erabaki zuen 1,2 milioi eurotan.

Testuinguru horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari zuzendutako galdera sorta erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuaren agerraldia eskatu du. "Adi egongo gara, baina uste dugu oraindik goizegi dela epaiketa posibleez hitz egiteko", gaineratu du Fernandez de Betoñok.

EH Bilduko bi legebiltzarkideen iritziz, Sener eta ETSren kasuak erakusten du praktika horiek "erroturik" daudela euskal administrazioetan.

ETSren arabera, "barne-akatsa" izan da

Testuinguru horretan, ETSk gertatutakoa "barne-akatsa" izan dela ziurtatu du, eta "ondorio interesatuak ateratzeko susmoak hedatu dituela" leporatu dio EH Bilduri.

ETSk azpimarratu duenez, dokumentuan agertzen den izenburua "berezko eta barneko akats baten ondorio da, baldintza teknikoen agiria idazterakoan dokumentu zahar bat erabili zelako".

Gainera, zehaztu du gezurra dela dokumentua sinatzen duen pertsona kontratatutako enpresakoa izatea, sozietate publikoko "plantillako kide" delako. Ildo horretatik, ETS  "azalpen tekniko argigarri" bat egiten ari dela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Lana Delituak Funtzionarioak Alderdi politikoak Salaketak Ustezko ustelkeria politikoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak