Politika -

Manifestazioak

Ehunka pertsonak kaleak bete dituzte Donostian eta Bilbon, 13/13 sumarioaren aurka

Alfonso Zenon abokatuaren hitzetan, "bakearen etsaiek bazekiten astelehenetik aurrera epaitu behar dituzten zortzi pertsona horiek ETAko presoak testuinguru berrira egokitzeko lanean ari zirela, eragile aktiboak zirela".

13/13 sumarioaren aurkako Bilboko manifestazioa. Argazkia: EFE
13/13 sumarioaren aurkako Bilboko manifestazioa. Argazkia: EFE
13/13 sumarioaren aurka ehunka pertsona atera dira manifestazioan kalera Bilbon eta Donostian

1:20

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

13/13 sumarioaren aurka ehunka pertsona atera dira manifestazioan kalera Bilbon eta Donostian. Astelehenean hasiko da epaiketa, auzia ireki eta 11 urte geroago.

Mobilizazioak 12:00ak aldera abiatu dira Bilboko Jesusen Bihotzetik eta Donostiako Saguesetik, "13/13 Epaiketari ez" lelopean.

ETAko kide izan edo ETAri laguntzea leporatuta zortzi auzipetuei 77 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatzen dute guztira.

"Denboraz berandu eta lekuz kanpo datorren epaiketa dela kartzelak hustu beharrean bete egin" nahi dituztela salatu dute.

Arantza Zulueta, Iker sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi daude auzipetuta.

Auzipetuen defentsa Fiskaltzarekin akordio batera heltzen saiatu da epaiketa hasi baino lehen, baina ez da posible izan, Alfonso Zenon abokatuak Bilbon azaldu duenez.

Zenonen ahotan, sumarioa zabaldu zenean, bultzatzaileek "dagoeneko bazekiten 2010ean ezker abertzalea zertan ari zen: konfrontazio armaturik gabeko agertokia prestatzen, eta bakearen etsaiek bazekiten astelehenetik aurrera epaitu behar dituzten zortzi pertsona horiek ETAko presoak testuinguru berrira egokitzeko lanean ari zirela, eragile aktiboak zirela".

Bilbon, ehunka pertsonak hartu dute parte manifestazioan, besteak beste, Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak. Kataluniako Asanblada Nazionalaren (ANC) ordezkaritza batek ere protesta babestu du. Mobilizazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatu eta Arriaga plazan bukatu da. Auzipetuak babesteko manifestu bat irakurri dute bertan.

Arzuaga (EH Bildu): "Espetxeak militante politikoz husteko unea da, ez berriro betetzeko"

Hiru auzipetu bizkaitarretako bi manifestazioan izan dira: Arantza Zulueta abokatua eta Saioa Agirre. Naia Zuriarrainek, ostera, ez du parte hartu.

Mobilizazioa hasi baino lehen, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, astelehenean hasi behar duen epaiketa "sumario politiko baten parte da, 25 urte geroago, 'dena da ETA' teoria xelebrea ardatz duena; ETAk bere amaiera iragarri eta 10 urte geroago akusazioa oso larriak aurkeztu dituzte berriro".

Arzuagaren hitzetan, "espetxeak militante politikoz husteko unea da, ez berriro betetzeko, horregatik epaiketa salatzeko eta auzipetuei elkartasun politikoa eta humanoa adierazteko gaude hemen".

Bestalde, 13/13 sumarioko auzipetuei babesa adierazteko manifestazioan izan direla azaldu du David Fernandez ANCko presidenteordeak. Fernandezen esanetan, "Espainiako Estatuaren politika Kataluniarekiko eta euskal herritarrekiko erabateko errepresio politika izaten ari da, nazionalismo espainiarraren kontrako disidentziaren errepresioa".

Leire Txapartegi ELA sindikatuko ordezkariak salatu duenez, duela "hamar urteko" gertakariak epaitzen ari dira, "testuinguru politikoa erabat aldatu denean". Prozedura judizialak "irregulartasun larriak eta asmo politikoak ditu", ohartarazi du.

Garbiñe Aranburu LABeko buruzagiak Donostiako manifestazioan hartu du parte. Aranburuk nabarmendu duenez, mobilizazioarekin "epaiketa ez egitea eta sumario berririk ez zabaltzea" eskatu nahi dute, "guztiz anakronikoa delako".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika Bilboko albisteak Donostia albisteak Presoak bideoak Epaiketak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Manifestazioak gaur