Politika -

Afganistango krisia

Sanchez, Von der Leyen eta Michel Torrejongo harrera-zentroan izan dira gaur

Kanpamenduak 800 lagunentzako lekua du, eta Kabuletik hegazkinez ebakuatzen ari diren afganiarren sarrera nagusia da.

Afganistanetik ebakuatutako gizon-emakumeak Madrilgo Torrejon de Ardozeko kanpamenduan daude. EFE.
Afganistanetik ebakuatutako gizon-emakumeak Madrilgo Torrejon de Ardozeko kanpamenduan daude. EFE.
Sanchez Torrejon de Ardozeko kanpalekuan berragertu da, Europako agintariak lagun

1:28

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin batera, Torrejon de Ardozeko (Madril) base militarra bisitatu dute larunbat honetan. Afganistanetik ebakuatutako gizon-emakumeak hartzeko aldi baterako kanpamendua dago bertan.

Bisita eguerdian izan da, eta Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikako goi-ordezkaria ere egon da bertan.

Espainiako Gobernuak jakitera eman duenez, Espainiarekin eta Europako erakundeekin elkarlanean aritu diren Afganistaneko errefuxiatuei harrera egiteko prestatutako instalazioak ezagutu dituzte.

Bisita hasi baino lehen, Sanchez, Von der Layen eta Michel batzartu dira, talibanek boterea hartu eta gero, Afganistango egoera eta ebakuazio-prozesuaren garapenari buruzko iritziak trukatzeko.

Torrejongo kanpamentuak 800 lagunentzako lekua du, eta Kabuletik hegazkinez ebakuatzen ari diren afganiarren Europarako sarrera nagusia da. Europar Batasunarekin lankidetzan aritu zirenen kasuan, gero kide diren herrialdeen artean banatuko dituzte, adostutako kupoen arabera.

Espainiar Estatuak errefuxiatuen helmuga izateko proposamena egin zuen Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek joan den asteartean egin zuten bilera telematikoan.

Talibanen aitortza ukatu dute

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, talibanekin "harreman operatiboak" dituzte, Kabulgo ebakuazioak errazteko, baina ez ditu onartu nahi izan, eta ohartarazi die Europar Batasuneko edozein funts jasotzeko giza eskubideak errespetatu beharko dituztela.

Hori dela eta, Von der Leyenek azpimarratu du Europar Batasunak Afganistani laguntzeko funts guztiak bertan behera utziko dituela talibanek zibilen eskubideak errespetatzen ez badituzte, eta, bereziki, gutxiengo etnikoen, emakumeen eta bereziki ahulak diren beste herri batzuen eskubideak bermatzen ez badituzte.

"Talibanek Gobernu inklusiboa eta emakumeenganako errespetua aipatu dituzte Islamaren barruan, horrek esan nahi duena dela ere, baina argi utzi nahi dut datozen zazpi urteetarako bideratutako 1.000 milioi euroak Giza Eskubideen errespetuarekin lotuta daudela, eta gutxiengoen eta emakumeen tratamenduarekin", adierazi du.

Afganistanen egon izana "ez da alferrikakoa izan"

Pedro Sanchez presidenteak, bere aldetik, "Afganistanen azken 20 urteetako presentzia espainiarra" ez dela "alferrikakoa" izan aldarrikatu du, eta Gobernua "lehen segundotik" Afganistango krisiaren egoeraren "zain" egon dela esan du, oposizioak egindako kritikei erantzunez.

Horrez gainera, azpimarratu du Espainiak Badghis probintzian izan duen presentziak eta garatutako azpiegiturek "nolabaiteko egonkortasuna" lortzen lagundu dutela.

Ebakuazio-operatiboa

Guztira, 110 militarrek parte hartzen dute Afganistango ebakuazio operatiboan, Defentsa Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.

Operazio hori segurtasunez eta berme osoz egiten dela ziurtatzeko beharra dute militarrek, Kabulgo aireportuan bereziki, iturriek azaldu dutenez.

Baliteke azken orduetan Dubain lurreratu den hegazkin espainiar bat iristea Torrejon de Ardozeko base militarrera, Afganistandik 110 pertsona ekarrita.

Orain arte, Espainiako Estatura iritsi diren lau hegazkin lurreratu dira Madrilgo basean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Europar Batasuna Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Afganistan