Publizitatea
Itxi

2021/09/17

15:08

Politika

ETA-KO PRESOAK

Parotek hildako pertsonak omendu dituzte erakundeek eta biktimek Gasteizen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak eta Biktimen Oroimenerako Zentroak antolatu duten ekitaldian azpimarratu dute bizikidetza eraikitzeko "fokua biktimengan" jarri behar dela, ez biktimarioengan. Sarek biharko martxa bertan behera utzi izana txalotu dute.

0:46
Lore eskaintza
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak eta Biktimen Oroimenerako Zentroak Unai Parot ETAko presoaren biktimak omentzeko ekitaldia egin dute gaur, Gasteizen. Une berean, Arrasaten, prentsaurrekoa eskaini du Sarek, bihar Arrasaten egitekoak ziren martxa bertan behera uzteko erabakiaren berri emateko. 

Biktimen Oroimenerako Zentroaren atarian egin den ekitaldian parte hartu dute Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak; Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Oroimenerako Zentroaren zuzendari Florencio Dominguezek

Bertan izan dira, halaber, Monserrat Torija Espainiako Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordea. Gainera, Zaitu, ACFSEVT, Fundación Víctimas del Terrorismo, Fundación Fernando Buesa, Covite eta ASERFAVITE Ertzaintzaren elkarteetako ordezkariak ere izan dira.

Omenaldian hitzaldi instituzional bat egin dute eta lore eskaintza egin diete Parotek hildako 39 pertsonei. Horiek, Oroimenaren plazan jarritako mosaiko batean irudikatu dituzte. Maribel Francok, Sandra Carrascok (1998an ETAk hildako Arrasateko PSEko zinegotzi Isaias Carrascoren alaba) eta Tomas Caballerok Parotek hildako pertsonen izenak irakurtzen joan diren heinean jarri dira arrosak.

Zeremonian irakurritako hitzaldian azpimarratzen denez, antolatzaileek Arrasateko ekitaldia bertan behera  utzi izana txalotu dute eta adierazi "erakusten du antolatutako biktimen eta erakundeen presio sozial eta politikoa tresna ezin hobea dela elkarbizitza ereiteko eta irain mingarri eta bidegabeak saihesteko" .

Horregatik guztiagatik, "bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean", erakundeak eta herritar guztiak inplikatu behar direla nabarmendu dute, "baina, batez ere, zuzenean indarkeria erabili zutenak eta horiei sostengu politikoa eta legitimazioa eman zietenak". Azpimarratu dutenez, memoria, justizia eta erreparazio morala fokua biktimengan jarrita landu behar da, "inolaz ere ez biktimagileari begira".

Gaur irakurritako adierazpenean, halaber, gogora ekarri dute espetxe-legeriak hainbat mekanismo aurreikusten dituela presoak gizarteratzen laguntzeko, baina, betiere, prozesu horri heltzeko ezarritako "baldintzak" onartzeko "erantzukizun indibiduala" oinarri hartuta, besteak beste, "eragindako kaltearen aitorpen autokritikoa" egitea, eta indarkeriak helburu politikoak lortzeko zilegitasunik ez duela onartzea.

Arrasaten Sare presoen eskubideen aldeko taldeak deitua zuen manifestazioa egin baino egun bat lehenago egin da omenaldia. Zenbait alderdik eta biktimen elkartek presoaren aldeko mobilizazioa zela iritzi zioten, eta debekatzea ere eskatu zuten.

Hala ere, Sarek bertan behera utzi du biharko protesta, "konfrontazioa" saihesteko, nahiz eta behin baino gehiagotan azaldu duen egun horretan ez zela omenaldirik egingo, ez zela Parot omenduko, eta salbuespen legedia salatzeko bildu behar zirela; hau da, 15 presori (tartean Paroti) eragiten dien legediaren aurka egiteko.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Unai Parot ETAko presoaren biktimen aldeko omenaldiak antolatu ditu irailaren 18rako, larunbaterako (Arrasaten egitekoa zen ekitaldiarekin bat eginez), Donostian, Madrilen, Zaragozan eta Granadan. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;