Itxi

2021/09/17

10:08

Politika

PRESOAK

Sarek bertan behera utzi du Arrasaten deituta zuen elkartasun martxa, "konfrontazioa" ekiditeko

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Erabaki "zaila" izan dela aitortu du presoen eskubideen aldeko plataformak, baina ez dela "atzerapausoa" nabarmendu du. Elkarretaratzeak deitu dituzte biharko Euskal Herri osoko plazetan, 'Bizi arteko espetxe zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea!' goiburupean.

5:09
Bego Atxa.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

"Minez eta atsekabez", Sare plataformak biharko Arrasaten deituta zuen elkartasun martxa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, "konfrontazioa ekidite aldera" eta "presoen etxeratzeko bidean bakearen etsaiek ezartzen" dituzten oztopoak "baztertzeko". "Betidanik defendatu dugun erantzukizuna oinarritzat hartuta, gaur iragarri behar dugu ez dugula inolako konfrontazio espaziorik elikatuko", esan dute sare herritarreko arduradunek, goizean egin duten agerraldian.

Azken egunotan sortutako anabasa ikusita erabaki du Sarek biharko ekitaldia bertan behera uztea. 12:00etan zen abiatzekoa martxa Biteri plazatik, eta gaurko prentsaurrekoan berretsi dutenez, "bizi arteko zigorraren aurkako aldarria" izan nahi zuen.

Hain zuzen, Sareren arabera, espetxean 30 urte baino gehiago daramatzan Henri Parot Unai preso arrasatearraren eta haren antzeko egoeran dauden ETAko beste presoen egoera salatzea zen ekimenaren xedea. Euskal presoei aplikatzeko ad hoc sortutako "7/2003 legeak bizi osorako kartzela-zigorrak ahalbidetzen ditu", Bego Atxa Sareko eledunaren hitzetan, eta kondena horiek espetxeen araudiaren "kontrakoak" direla nabarmendu du.

ETAren biktimen elkarteek eta alderdi politiko batzuek Paroti egindako omenaldi gisa interpretatu zuten biharko deituta zegoen martxa, eta hura debekatzea eskatu zuten. Auzitegi Nazionalak baina, atzo kaleratutako ebazpenean, uko egin zion martxa debekatzeari, terrorismoa goratzeko deliturik egon daitekeen zehazteko daturik ez dagoela argudiatuta.

Salaketa horien guztien eta azken egunotan hainbat politikarik egindako adierazpenen atzean, "giza eskubideen aldeko mobilizazio bat hutsaltzeko eta kriminalizatzeko ahalegina" ikusi du Sarek. Hala, "sektore mediatiko, politiko eta instituzional" batzuen jarrera gaitzetsi dute. "Indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi izan dituzten horiei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzeletan bereizi. Ezin direla batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu", gaineratu du Atxak.

Gaurko agerraldian, azken asteotan jasotako babesa eskertu dute antolatzaileek, eta garbi utzi dute hartutako erabakia ez dela "atzerapausoa", "ekintza biderkatzailea baizik". Bide horretan, Euskal Herriko herri guztietan, bihar, bilkurak deituko dituztela iragarri dute, 'Bizi arteko espetxe zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea!' goiburupean. Sareren hitzetan, "mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina".

Oiartzabal: "Konfrontaziorako erabili nahi izan dute"

Erabakiaren berri eman aurretik, Inaxio Oiartzabal Sareren bozeramaileak "Faktoria" saioan salatu du hainbat hedabidek, erakundek eta taldek esandakoak gezurra izan dela, "batzuk lekuz kanpokoak eta beste batzuk interes ezberdinek bultzatutakoak". "Konfrontaziorako erabili nahi izan dute, eta ultraeskuina horretan saiatu da", salatu du.

AVT elkartearen, PPren eta VOXen elkarretaratzeak

Polemikaren erdian, PPk eta Voxek larunbateko ekitaldiak mantenduko dituztela adierazi dute. Era berean, AVTk lau hiritan egingo ditu aurreikusitako ekitaldiak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;