Politika -

Elkarrizketa

Esteban: "Espainiako Gobernuaren ezinegonerako, gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko arazoa Escriva da"

EAJk Kongresuan duen bozeramaileak gogor kritikatu du Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak erretiroa hartzeko adina 75 urtera atzeratzeko proposamena. "Ahaztu daitezela nirekin", esan du Estebanek.

Esteban, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media
Esteban, Radio Euskadiko estudioetan.
Esteban, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gogor mintzatu da Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuaren Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren kontra, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (DGDS) Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko akordioa atzeratzeagatik.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean salatu duenez, "Espainiako Gobernuaren ezinegonerako, gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko arazoa Escriva da. Beste inork ikusten ez dituen trabak ikusten ditu berak, hainbat ministrok aitortu didatenez". Estebanek "keinuak" eskatu dizkio Sanchezen gobernuari. "DGDSa legean jasota dago. Ez dugu atzerapen gehiago onartuko, akordioa eginda zegoen eta", azaldu du. 

Ingurumari horretan, diputatu jeltzaleak adierazi du ezin duela bermatu EAJren baiezko botoa Espainiako Aurrekontu Orokorren proiektuan. "Mugitu behar dira", ohartarazi du. Horren ustez, "PSOEk ezin du espero gure aldeko botoa betiko denik".

Escrivak erretiro adina 70-75 urtera atzeratzeko duen asmoaz, Estebanek azpimarratu du "burugabekeria hutsa" dela, eta "pentsioen erreformari seriotasun guztia kentzen" diola. "Ahaztu daitezela nirekin", ohartarazi du Estebanek. 

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko dagoen blokeoaren harira, EAJren politikariak esan du "alderdien interesak eta pertsonalak" daudela atzean, eta eskatu du jeltzaleekin horri buruz ez hitz egiteko. "Ez da normala behin eta berriz data gainditzea. Izenekin darabilen kontu hori ere, ez zait serioa iruditzen. Lotsagarria da", adierazi du.

Bestalde, Europako txip erdieroaleen krisia hizpide, Bruselak izan duen jarrera kritikatu du. Horren ustez, "Europak bere etorkizuna eta ekoizpena ahaztu ditu, eta orain damutzen ari da". Dena dela, uste du ezin dela "besoak gurutzatuta" geratu, eta Taiwan "herrialde gakoa" dela azpimarratu du, "badaukate know how delakoa"

Azkenik, Voxek Kongresuan sortzen duen "giro txarra" ahotan hartu du, eta Gorteetan horren aurrean dagoen epelkeria salatu du: "Errealitatetik ihesi dabiltza erakundeak. Esana diot (Kongresuko) presidenteari... marrak igarotzen uzten diote, ez diote aurre egiten, eta hauek, uzten badiezu, zapaldu egiten zaituzte. Bullying hutsa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorrak