Politika -

Istiluak herrietan

Eusko Legebiltzarrak kaleetako "indarkeria" gaitzetsi eta babesa agertu dio Poliziari

Gobernua osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE-EE) eta PP+Cek transakzio akordioa adostu dute. Eh Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ez dute testua babestu, eta asmo politikoa salatu dute.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia. EFE
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia. EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak EAJ, PSE-EE eta PP+Cs-en aldeko botoekin, azken asteetan hainbat herritan izan diren "indarkeria ekintzak eta poliziekin izandako liskarrak irmoki gaitzesteko" adierazpena onartu du. Testuak, gainera, Udaltzaingoa eta Ertzaintza babestu ditu, "covid-19aren pandemiari aurre egiteko osasun araudia betetzen dela bermatzeko" egindako lanagatik.

PP+Cs alderdiak legez besteko proposamen bat eraman du Legebiltzarrera, eta, azkenean, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE-EE) eta Carlos Iturgaitzek gidatzen duten koalizioak sinatutako transakzio akordio gisa bozkatu eta onartu da. Elkarrekin Podemos-IUk (abstenitu egin da bozketan) osoko zuzenketa egin dio testuari eta "euskal gazteria kriminalizatzeko" saiakera dagoela salatu du. EH Bilduk kontrako botoa eman du, dokumentua "jarrera sinplista bezain manikeoan" oinarritzen dela iritzita. Koalizio soberanistak, hala ere, ezbairik gabe eta "irmoki" arbuiatu ditu istiluak. 

Gehiengoz onartutako testuak udaren zati handi batean izan diren "jarrera insolidarioak eta gizalegez kanpokoak" kritikatzen ditu, "herritarren elkarbizitza asaldatzen dutelako, pandemiaren ondorioz ezarritako osasun arauak hautsiz".

Akordioaren defentsan, PP+Cs-ek Legebiltzarrean duen bozeramale Carmelo Barriok salatu du "bandalismo ekintzak" eta "iskanbilak" aurretik "antolatu eta pentsatuak" direla. "Ziur gaude: ezker abertzalearen zeinua hor dago", esan du. 

Jon Andoni Atutxa EAJko legebiltzarkideak bestalde, salatu du istiluen egileak gutxiengo "arduragabea" direla, "gizalegerik gabe eta modu onartezinean" jokatzen dutenak. Gainera, babesa agertu dio Bilboko alkate Juan Mari Aburtori, hark "errukirik gabe zigortuko" dela esan eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako kritiken aurrean. 

Txarli Prietok (PSE-EE) adierazi duenez, "indarkeriaren, txikizioen eta arpilatzeen aurrean ezin gara epelkeriatan ibili", eta Ertzaintzari babesa eman dio, bere ustez, ekintza hauek "antolatutako indarkeria batekin zerikusia dutelako".

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak "justifikatu ezin diren iskanbilak" gaitzetsi ditu, eta horien arduradunek "etsaitasunez eta modu onartezinean" jokatzen dutela adierazi du.

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren kritikak 

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak defendatu egin du bere koalizioak aurkeztutako osoko zuzenketa, eta onartu den testuak "gazteria kriminalizatzeko" nahitasuna duela kritikatu du. Azaldu duenez, bere proposamenak covid-19aren izandako "elkartasunik eta ardurarik gabeko jarrerak" arbuiatzen zituen, eta istiluak eta erasoak gaitzesten zituen, baina azpimarra jartzen zuen Poliziaren lana proportzionaltasun eta egokitasun printzipioen arabera zuzendu behar zen puntuan.  Hala, Ertzaintzaren agintari bat "ematera bota" esanez entzuten zen irudiak kritikatu ditu.

Gaineratu duenez, istiluen atzean "ez dago inolako asmo politikorik, ez erakunderik, ezta aldarrikapen politikorik ere, Poliziaren ekintzen aurrean senari jarraituz erreakzionatzea baizik", gaineratu du.

Bestalde, Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak EAJ, PSE-EE eta PP+Cs-en irakurketa "sinplista bezain manikeoa" kritikatu du eta "gertatutakoaren titular errazarekin" geratu izana aurpegiratu die. Arzuagak adierazi duenez, bere taldeak "indarkeria edo ekintza bandaliko oro gogor errefusatzen" du. "Zero tolerantzia", gaineratu du.

Nolanahi ere,  zehaztu du ez daudela prest Ertzaintzari eta udaltzaingoei "txeke zuri bat" emateko, "jarrera beti arduratsua eta profesionala duten heroiak izango balira bezala". Gainera, PP+Csi leporatu dio istiluen "aitatasun politikoa" EH Bilduri egotzi nahi izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE PP Araba Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox Koronabirusa Gazteak