Itxi

2021/10/17

14:12

Politika

AIETEKO KONFERENTZIA, 10 URTE

Rios: "Euskal Herriko bake prozesuan gizarte zibilak egin duen lana ez da munduan beste inon ikusi"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Lokarri akordioaren aldeko herritar sareko koordinatzaile lanetan aritutakoa, euskal bake prozesuaren eragile aktiboetako bat izan zen Paul Rios. Aieteko Konferentzia mugarria izan zela ez du zalantzarik.

2:11
Paul Rios.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Duela hamar urte Aieten bizitakoa ez du "oso ondo" gogoratzen Paul Rios Lokarriko zuzendari izandakoak. Irudi "lauso bat" du memorian. Konferentziaren alde teknikoa antolatzea zen bere egitekoa, eta "egun oso intentsuak izan ziren, oso kontzentratuta nengoen neurean, inguruan gertatzen ari zenari gehiegi erreparatu gabe". Amaitu zenean sentitu zuena ondo gogoan du, ordea: "Poz izugarria, ametsa errealitate bihurtu zelako".

ETBri eskainitako elkarrizketan ekarri ditu gogora Riosek Aieten 2011ko urriaren 17an bizitakoak. Aurreko eta ondorengo egunak ere bai. Lau ordutan hasi eta bukatu zen konferentziarako bidezidorra 2006an hasi ziren marrazten. Dozenaka gizarte eragilek, nazioarteko bitartekarik eta ordezkari politikok ia bost urtez egindako lan isilaren emaitza izan zen, eta Riosek "euskal prozesuaren berezitasuna" nabarmendu du: "Ez zen izan denok buruan genuen bake prozesu klasiko bat. Gurea oso ezberdina izan zen. Bakea eraikitzeko prozesu bat jarri genuen martxan".

Ezer nabarmentzekotan, Euskal Herriko bake prozesuan "gizarte zibilak egin duen lana" nabarmendu du; izan ere, "hori ez da munduko beste prozesuetan ikusi". Herri eragileek "bakearen aldeko kultura garatzen" lagundu zuten euskal gizartean. Besteak beste, Bakearen Aldeko Koordinakundearen eta Elkarriren lana gogoratu du, aurrena, eta Bakegileena eta Bake Bidearena, ondoren. "Horien guztien lanari esker, bakearen aldeko adostasun zabala lortu zen, adostasunak kudeatzeko bideak aurkitu ziren eta aurrerapauso handiak eman ziren", gaineratu du.

Aieteko Adierazpenaren ondotik, ETAk jardun armatua behin betiko utziko zuela iragarri zuen, baina Espainiako eta Frantziako gobernuek ez zuten urratsik egin. Azken horrek bake prozesuaren sukalde lanetan ibili zirenen "etsipen moduko bat" zabaldu zuen. Riosen hitzetan, "Espainiako Gobernuak hitz egiteko prestutasuna eta borondatea zituela uste genuen, baina ez zen hala izan. Ez genuen erantzun hori espero".

Espainiako Hauteskunde Orokorren kanpainaurre betean zeuden, eta "bagenekien PP berriro agintera iritsiko zela, eta horrek ez zuen egoera erraztu". Handik hilabete batzuetara konturatu ziren "prozesua blokeatuta" zegoela, gobernuek ez zutela hitz egiteko borondaterik. "Kontua da ez genuela B planik. Beste bide batzuen bila hasi ginen", esan du.

Indarkeria atzera berriz bueltan etorriko den beldurrik izan duen galdetuta, argi eta garbi erantzun du ezetz. "ETAren erabakia oso sendoa zela bagenekien, berme guztiak genituen". Horregatik, oraindik ertz asko konpondu gabe dauden arren, "hamar urte geroago dugun agertokia ikusita, egindako lanak merezi izan du", Riosen ustez, eta "elkarbizitzan aurrera egiteko premia" nabarmendu du.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;