Politika -

Urriaren 18ko adierazpena

Grande-Marlaska: "Ezker abertzaleak eginahalak egin behar ditu ongietorririk ez egoteko"

Barne ministroaren esanetan, EH Bilduren eta Sorturen adierazpena "aurrerapauso ezberdin eta berri bat" izan da, baina ohartarazi du "gehiago" eman behar dituztela.

Grande-Marlaska, gaur Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Grande-Marlaska, gaur Diputatuen Kongresuan.
Grande-Marlaska, gaur Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak nabarmendu duenez, ezker abertzaleak "pausoak ematen" jarraitu behar du "ekintza konkretuak" eginez, eta ETAko presoei egiten zaizkien ongietorrien gaia aipatu du berbarako: "Ezker abertzaleak ongietorriak gaitzetsi behar ditu eta eginahalak egin gertatu ez daitezen".

TVE Espainiako telebista publikoari kateari elkarrizketa eskaini dio ministroak, ETAren amaieraren 10. urtemugan eta EH Bilduk eta Sortuk biktimen inguruan adierazpena egin berritan.

2011ko urriaren 20ari buruz esan du euskal herritarra dela bera, eta urte askoan Auzitegi Nazionalean aritu zela: "Erakunde terroristaren sarearen kontrako auzi ugari eraman ditut eta egun hartan agerian geratu zen Zuzenbide Estatuaren eta demokraziaren garaipena ETAk eragindako terrorearen gainetik".

Urtemuga horren harira adierazpen instituzional bateratu bat adostu ez dela eta, ministroak honakoa adierazi du: "Azkenaldian, behin baino gehiagotan, terrorismoa eta biktimak erabiltzen ari da PP, eta oso garrantzitsua den zerbait ahazten ari da: demokrata guztien batasuna, terrorismoaren aurkako ituna, alegia".

EH Bilduk eta Sortuk urriaren 18an egindako adierazpenaz, bestalde, azpimarratu du "aurrerapauso ezberdin eta berri bat" dela "biktimen mina aitortzea, hau guztia inoiz ere gertatu behar ez zela esatea eta min hori arintzeko eskura duten guztia egingo duela esatea". Dena dela, erantsi du ezker abertzaleak "pauso gehiago" eman behar dituela. 

Presoei egindako ongietorriak saihesteko "lege eremu bat" lantzen ari direla iragarri du, baina ezker abertzaleak eman beharreko pausoen artean horren ingurukoa badela aditzera eman du: "Ongietorriak gaitzetsi behar dituzte eta eginahalak egin gertatu ez daitezen".

Halaber, onartu du azken urteetan asko gutxitu direla "demokrata batentzat erabat gaitzesgarriak diren ekitaldi horiek".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Espainiako Gobernua Presoak ETA EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak