Politika -

Abiadura handiko trena

Lehendakaria: "Ezin esan Espainiako Gobernuak AHTaren lanez egindako kudeaketa egokia izan denik"

EH Bilduren ustez, azpiegitura "zuloa" da diru-kutxa publikoarentzat, "6.500 miloi euro" gastatuko direlako eta horietatik 2.300 milioi gainkostuak izango direlako.

AHTak Donostian izango duen lurpeko geltokiaren simulazioa. Irudia: Irekia
AHTak Donostian izango duen lurpeko geltokiaren simulazioa.
AHTak Donostian izango duen lurpeko geltokiaren simulazioa. Irudia: Irekia

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "ezin esan Espainiako Gobernuak AHTaren lanez egindako kudeaketa egokia izan denik, atzerapen garrantzitsuak izan baitira".

EH Bilduk azpiegitura horren inguruko galdera egin dio Urkulluri, Eusko Legebiltzarrean goizean egin duten Kontrolerako saioan. Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak lanotan izandako atzerapen eta "ez betetzeak" kritikatu ditu. Horrez gain, AHTak diru-kutxa publikoari egiten dion "zuloa" salatu du. Zehaztu duenez, "6.500 miloi euro" gastatuko dituzte lanotan, eta horietatik 2.300 milioi gainkostuak izango dira. 

Erantzunean, Europako Kontu Auzitegiak 2020an egindako auditoretza bat gogora ekarri du lehendakariak. Horren arabera, 13 urteko atzerapenarekin helduko da Euskal Y-a.

Dena den, koalizio subiranistak azpiegitura horren kontra izan duen jarrera ahotan hartu du lehendakariak: "Ez dut inoiz ere ulertu. Eta are gutxiago ulertzen dut zuon koalizioa obra hauek ordainduko dituen aurrekontu batzuk babestea".

Bestalde, lanotan Espainiako Gobernuarekin adostutako kudeaketa-mandatuen (Jaurlaritzak egiten ditu lanak, eta gero gastatutakoa Kupoaren bidez kobratzen du) "eraginkortasuna" defendatu du Urkulluk. Gogorarazi duenez, horrela ari dira Gipuzkoako zatia egiten, eta hala egingo dute Bilboko eta Gasteizko sarbideetan ere. 

Azkenik, Urkulluren aburuz, "desiragarria" litzateke EH Bilduk Inaxio Uriaren hilketa gaitzestea (ETAk hil zuen, haren enpresa AHTaren lanak egiten ari zenean), baita proiektuan parte hartu duten enpresen kontrako "sabotaje eta mehatxuak" ere. Horiek ere lanak "atzeratu eta garestitu" dituztelako, nabarmendu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Enpresaburuak