Politika -

Elkarrrizketa

Andueza "bide judiziala agortzearen alde" agertu da, Jaurlaritzak ez egitea errespetatzen badu ere

Osasun larrialdirik gabe izurriaren kontra aritzeko "neurriak" har daitezkeela defendatu du PSE-EEko idazkari berriak. Etorkizuneko itunez galdetuta honakoa esan du: "Akordio batek ondo funtzionatu badu, logikoena jarraitzea da".

Andueza, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media
Andueza, Radio Euskadiko estudioetan.
''Bide judiziala agortzearen'' alde agertu da Andueza, baina Jaurlaritzaren erabakia errespetatzen du

0:33

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusi berria "bide judiziala agortzearen alde" agertu da EAEko Auzitegi Nagusiak covid ziurtagiria ezartzeari emandako ezezkoaren aurrean. Dena dela, azpimarratu du errespetatzen duela Jaurlaritzak helegitea ez aurkezteko erabakia. "Errekurritu ez badute oinarri juridikoa ikusten diotelako izango da", argudiatu du.

Epaileen ezezkoa gorabehera, izurriari aurre egiteko neurriak hartzen jarraitu behar dela defendatu du buruzagi sozialistak. "Marko juridikoak ematen du aukera, osasun larrialdirik gabe ere", erantsi du. Horren ustez, "erabaki judizialak ezin dira kritika politikoa egiteko tresna gisa erabili". Hori horrela, "errezeta bikoitza" mantentzea babestu du: txertaketa eta erantzukizuna.

Radio Euskadiko Boulevard saioari eskainitako elkarrizketa batean, ezkerreko etorkizuneko itunez galdetu diote Anduezari. Azpimarratu duenez, "askotxo ari dira horren inguruan espekulatzen. Hauteskundeak egiteko unean hitz egingo dugu horretaz". Dena dela, aitortu du "akordioa batek ondo funtzionatzen badu, logikoena jarraitzea" dela.

Horren ildoan, azpimarratu du EAJrekin dituzten akordioak "osasuntsu" daudela, "desadostasunen bat dagoen bakoitzean esaten" duela erantsi duen arren. Izan ere, Anduezaren esanetan, "harreman zintzoa da gurea".

Iñaki Arriola PSE-EEren zuzendaritzatik atera dela eta, Anduezak adierazi du ez dela "egiturak errepikatzearen" oso zalea. Argitu du, ordea, Garraio sailburuak berak egin ziola eskaera: "Esan zidan garai hura gaindituta zuela, eta kanpotik lan egin nahi zuela".

PSE-EEko buruzagi berriak estu hartu du Pablo Casado PPko presidentea, atzo EH Bilduk Aurrekontu Orokorrei babesa emango diela iragarri ostean egindako adierazpenengatik —"EH Bildurekin akordioak egiteak biktimen odola gatzatu egiten du", esan zuen—. Horren ildoan, biktimak erabiltzeari uzteko eskatu dio Anduezak. "Nazkagarria iruditzen zait... biktimei entzun egin behar zaie, ez dira elkarri mokoka ibiltzeko tresna bat", argitu du.

Azkenik, GALen biktimei zer esango liekeen itaunduta, Anduezak euren esanetara azpimarratu du, "entzuteko eta errespetatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Idoia Mendia Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Eneko Andueza Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn Covid ziurtagiriaren berriak