Politika -
EPPK-ren agiria
Jaurlaritzak "aintzat" hartu du EPPKren iragarpena baina "keinu berriak" eskatu ditu
Bingen Zupiria bozeramailearen hitzetan, "ona izango litzateke keinu berriak eginez jarraitzea, eta batez ere egindako mina onartzea".
Agentziak | EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, EPPPren agiria "aurrerapauso bat" da "gure gizarteak landu nahi duen eta eraiki nahi duen normaltasun hori lortzeko bidean", eta hala, Jaurlaritzak "aintzat" hartu du euskal preso politikoen kolektiboak egindako adierazpena (harrera ekitaldiak "modu pribatuan" egiteko nahia).
Gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan, ETAko presoek kaleratutako agiriaren balorazioa egiteko eskatu diote Zupiriari. Adierazpena balioan jarri duen arren, Kultura sailburu ere badenak "keinu berriak" eskatu ditu. "Ona izango litzateke keinu berriak eginez jarraitzea, eta batez ere egindako mina onartzea", gaineratu du.
Jaurlaritzako eledunak azpimarratu duenez, "ETAren indarkeria bidegabea izan zen, indarkeria guztiak diren bezala, eta askatasunaren eta demokraziaren izenean erabili diren indarkeriak ere hala izan dira". Hori aitortzeko eskatu die presoei.
"Jaurlaritzak askotan adierazi duen bezala, ongietorriak behin ere gertatu behar ez zuten gauzak dira. Aurrerapauso egokia da adierazpena, eta egokia iruditzen zaigu ETAren presoak eurak izatea horien bidegabekeria azpimarratzen dutenak", esan du.