Politika -
EPPK-REN AGIRIA
Harrera publikoen amaiera "albiste on" bat dela uste du Marlaskak, baina "berandu heldu da"
"Askoz lehenago gertatu zitekeen", kritikatu du Barne ministroak. "Hitz horiek ekintza bihurtzea nahi dugu", esan du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.
Agentziak | EITB MEDIA
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren hitzetan, aske geratzen diren ETAko presoei harrera publikoak egiteari uztea "albiste ona" da, baina erabakia "berandu iritsi" da.
Teresa Rivera Espainiako Gobernuko presidenteordearekin batera, segurtasun indarrentzako energia-eraginkortasun plan bat aurkeztu du Marlaskak. Ekitaldi horiekin bukatzea albiste on bat dela errepikatu Barne ministroak, baina "askoz lehenago gertatu zitekeen".
Horrela izan balitz, terrorismoaren biktimak jasandako "sufrimendu biderkatua" saihestea posible izanen zelako, azpimarratu duenez. Marlaskaren ahotan, harrera publikoak "ez dira duinak gizarte demokratiko batean".
Biktima elkarteen lana goraipatu nahi izan du agintariak, "albistea lan horri esker iritsi delako".
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak "onartezintzat" jo ditu ETAko presoei egindako harrera publikoak, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) egindako adierazpena errealitate bihurtzea nahi du.
"Hitz horiek ekintza bihurtzea nahi dugu", esan du Itxasok Onda Cero irrati katean eskainitako elkarrizketan. Azpimarratu duenez, "krimen izugarriak egin dituen eta kartzelatik ateratzen den norbait, gizarteratzeko eta birgaitzeko eskubidearen maxima bete dadin, zuhuztziaz atera behar da".
Halaber, "maite zuten pertsona bat galtzeagatik mina sentitu duten biktima askorentzat" ziurrenik presoen kolektiboak harrerekin amaitzeko egindako iragarpena "berandu" iritsi dela adierazi du.
Itxasok Twitter bidez zabaldu duenez, "urrats bat da norabide onean, espero dugu ekintzetan islatzea lehenbailehen, eta erakusten du presio sozial eta politikoak, balio zibiko eta etiko sendoetatik abiatuta, emaitzak ematen dituela. Eskerrik asko ongietorriak salatzen ari zareten biktimen elkarte eta fundazioei".