Politika -

Ikus-entzunezkoen Legea

ERCk ohartarazi du % 6ko kuota betetzen ez bada, ez duela Ikus-entzunezkoen Legea babestuko

Proiektua ez bada aldatzen plataforma guztiek, atzerritarrek barne, hizkuntza koofizialetako gutxienekoa bete dezaten bermatzeko, arriskuan egongo da ERCk Estatuko Aurrekontu Orokorrei babesa ematea; errepublikarren botoak behar dituzte, baina, aurrera ateratzeko.

Gabriel Rufian, atzo, Kongresuan. EFE.
Gabriel Rufian, atzo, Kongresuan.
Gabriel Rufian, atzo, Kongresuan. EFE.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquerra Republicanak (ERC) ez du ontzat hartu astearte honetan Ministroen Kontseiluak onartutako Ikus-entzunezko Legearen proiektua, eta PSOEri "tranpak" egitea leporatu dio, duela astebeteko akordioa hautsi duela; hau da, ikus-entzunezko plataformek gutxienez edukien % 6 erkidego bakoitzeko hizkuntza koofizialetan, euskaraz, katalanez eta galegoz, eskaintzea aurreikusten eta bermatzen duen lege bat idazteko akordioa.

Edukiak hizkuntza horietan eskaintzearen % 6ko kuotaren puntua in extremis sartu zen Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legean, Espainiako Gobernuak eta ERCk 2022rako aurrekontu orokorrak onartzeko errepublikarren babesa lortzeko negoziazioen esparruan egindako hitzarmen baten ondorioz.

Alabaina, atzo arratsaldean jakin zenez, ministroek onartutakoaren arabera, Netflix, HBO Max, Disney+ edo Prime Video bezalako nazioarteko plataformek ez dute bete beharko edukien % 6 euskaraz, katalanez edo galizieraz eskaini behar izateko baldintza hori, egoitza soziala Estatutik kanpo dutelako. 

Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroak asteazken honetan adierazi duenez, Espainiako Gobernua "oso irekita" dago Ikus-entzunezko Legea Kongresuko talde parlamentarioekin negoziatzeko, baina ohartarazi du arauak ezin duela "Europako araudia urratu".

Horren harira, Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak erantzun dio, hain zuzen ere "Europako araudiak ikus-entzunezko ekoizpena eta bertatik eratorritako hizkuntza-aniztasuna babestera gonbidatzen" dituela estatu kideak. Gaineratu duenez, "ikusi dugu beste herrialde batzuetan egin dela, hala nola Frantzian, Alemanian eta Belgikan". Bozeramailearen esanetan, Espainiak enpresa horiei eragiten dien legerik ezin duela egin esatea "engainatzea" da.

Alderdi independentistaren bozeramaileak jakinarazi duenez, PSOErekin "premiazko bilera" eskatu dute gai horri heltzeko, eta ohartarazi du ez dela oso burutsua Gobernuak hizkuntza koofizialen gaiarekin "adarra jotzea". Gainera, ohartarazi duenez jarrera horrek ondorioak izan ditzake hurrengo legeak negoziatzeko edo Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko (gaur egun Senatuan daude). "Agertoki guztiak irekita daude", adierazi du.

ERCk ohar batean azaldu duenez, Ministroen Kontseiluak onartutako Ikus-entzunezko Legearen proiektua "hankamotza eta eskasa da, eta ez dio erantzuten katalanak eta Kataluniako ikus-entzunezkoen sektoreak behar dutenari"; beraz, ez du onartzeko asmorik, aldatzen ez bada.

Rufianek azpimarratu duenez, "Herrialde honetan ikus-entzuleei zuzentzen zaizkien ikus-entzunezko plataforma guztien katalanezko, galegozko eta euskarazko ikus-entzunezko ekoizpena" bermatzen ez badute, ez dute legea babestuko, ERCrentzat, hizkuntzaren gaia "sakratua" delako. "30.000 lanposturi eragiten dien sektorea babesten ez badugu, pikutara joango da sektore osoa", azpimarratu du.

"Bakoitzak jakingo du ze itun dituen multinazionalekin, guk horiek errespetatzen ditugu. Baina argi utzi behar da, ez dagoela multinazionalik, demokrazia oso batean, gobernu bati esan ahal dionik legeak nola egin, are gutxiago, ustez aurrerakoia den gobernu baten kasuan", azpimarratu du Gabriel Rufianek, eta bere jarrera defendatzen" askoz jende gehiago "egon beharko litzatekeela gaineratu du, Unidas Podemos aipatuz.

Jaume Asens Unidas Podemosek Kongresuan duen talde parlamentarioko presidenteak esan duenez, Ikus-entzunezkoen Legeari dagokionez bere alderdia "ezezkotik gertuago dago baiezkotik baino, eta PSOEri, bere koalizioko kideari, leporatu dio araudiaren edukia beraiekin negoziatu ez izana eta Ministroen Kontseilura aldebakartasunez eraman izana.

Hala adierazi du Kongresuko korridoreetan egindako adierazpenetan, eta sozialistei aurpegiratu die, aurreproiektuan parte hartzeko eskaera egin arren, bere bazkideak "oposizioko alderdi" batekin hitz egitea erabaki duela, ERCri erreferentzia eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak ERC