Politika -
Melchor Gil auzia
Pastor: 'Melchor Gilek kargu guztiak utziko ditu inputatzen badute'
Bizkaiko Ogasunak Melchor Gil ikertu zuen, Castro Urdialesen erosi zuen txaletaren dirua nondik jaso zuen jakiteko eta auzia Fiskaltzaren esku utzi zuen
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSEko bozeramailearen hitzetan, Melchor Gil Bizkaiako PSEko idazkariordeak, eta lehendakariaren koinatuak, kargu guztiak eta PSEko militantzia utziko ditu iruzur delituagatik inputatzen badute. Izan ere, alderdiaren kodeak horrela agintzen du.
Bizkaiko Ogasunak Melchor Gil ikertu zuen, Castro Urdialesen erosi zuen txaletaren dirua nondik jaso zuen jakiteko eta auzia Fiskaltzaren esku utzi zuen, baina honek ustezko iruzurraren kasua artxibatu egin zuen. Orain Gilek berak emandako dokumentuak aztertzen ari dira.
Pastorrek Punto Radio Euskadi irratian azaldu duenez, "Gil arduratua dago bere familiagatik, eta bere jarduera politikoan izan dezakeen eraginagatik, baina lasai dagoela esan du".
Pastorren hitzetan, PSEk kode etiko bat dauka, eta beraz, "inputatua izaten bada, karguak utzi beharko ditu eta alderditik kanpo geldituko da".
Bestalde, Melchor Gil buruzagi sozialistaren datu fiskalak komunikabideetara nork filtratu zituen ikertzeko batzorde bat eratzea proposatu du Alderdi Popularrak Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Patxi Lopez lehendakariaren koinatuak Datuen Babeserako Euskal Agentziaren aurrean salaketa jarri du, bere "dokumentu pertsonalak eta konfidentzialak" aireratu direlako. Era berean, Bizkaiko Diputazioak ikerketa bat jarri du abian, filtrazioaren jatorri zein den argitzeko asmoz.