Politika -

Memoria

Donostiak plaka bat jarri du Eugenio Olaciregui ETAk duela 25 urte hildako herritarra oroitzeko

Udalak jada 20 oroigarri jarri ditu hirigunean, ETAren eta bestelako indarkeria politikoen biktimei eremu publikoan ikusgarritasuna emateko.

Eugenio Olacireguiren omenezko plaka, Donostian. Argazkia: Efe
Eugenio Olacireguiren omenezko plaka, Donostian. Argazkia: Efe
Eugenio Olacireguiren omenezko plaka, Donostian. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak plaka bat jarri du ETAk 1997an hil zuen Eugenio Olacireguiren omenez. Horrekin jada 20 dira ETAren eta bestelako indarkeria politikoen biktimei eremu publikoan ikusgarritasuna emateko jarritako oroigarriak.

Ategorrieta-Uliako Bordatxipi kaleko 14.ean izan da ekitaldia, eta aurrekoetan bezalaxe, omenaldi xume bat izan da, biktimaren senide eta lagunen, Eneko Goia alkatearen eta Udaleko ordezkari politikoen parte hartzearekin. Coro Villarta Olacireguiren alarguna eta Ainara eta Maialen alabak egon dira bertan.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Guillermo Echenique Gipuzkoako azpiordezkariak, Aintzane Ezenarro Gogoraren zuzendariak, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusien presidenteak eta Gorka Landaburu kazetari eta ETAren biktimak ere parte hartu dute, besteak beste.

Eugenio Olaciregui Borda 39 urteko bizikleta saltzailea zen, eta ETAren tiro bat jaso zuen garondoan lanera joatear zela, duela 25 urte. ETAk "salataria" izatea egozten zion, Valentin Lasarte ETAko kidea atxilotzeko informazioa ematea, hain zuzen ere. Baina atxilotuak berak onartu zuen gero hankasartzea izan zela Olaciregui "jomugan" jartzea. Udalak memoria berreskuratzea eta arrazoi politikoengatik hildakoei eremu publikoan ikusgarritasuna ematea bilatzen du gaurkoa bezalako ekitaldiekin.

Horregatik, Villartak eskerrak eman dizkio Udalari, "sufritutakoa jasota" geratzen delako oroigarriarekin.

Eneko Goiak, bere aldetik, gogorarazi du hilaren 30an beteko direla 25 urte "erabat injustua izan zen hilketatik". Alkateak "oroimen, babes eta gertutasun" mezua helarazi nahi izan die senideei, alargunari eta alabei bereziki, eta azpimarratu du "egia, zer gertatu zen eta nor izan zen jakiteko eta justizia egiteko eskubide osoa" dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gipuzkoa Eneko Goia Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Eguneko albisteak Albisteak Adiskidetzea Euskadin Terrorismoaren Biktimak