Politika -

Biktimak

Sortuk performance bat egin du "tortura sistematikoa" izan dela salatzeko

Ezker abertzaleak poliziaren tratu txarrak jasan dituzten "milaka" herritarren konponketa eskatu du Gasteizen egindako ekitaldian.

Torturaren aurkako performancea, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Torturaren aurkako performancea, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Torturaren aurkako performancea, Gasteizen. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hogeita hamar pertsona biluzik, kaputxa beltzekin eta eskuak bizkarrean lotuta agertu dira gaur Gasteizen, Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritzaren aurrean, Sortuk torturaren aurka antolatu duen performance baten baitan. Haimar Altuna ezker abertzaleko buruzagiak poliziaren tratu txarren "praktika sistematikoa" jasan duten 5.667 euskal herritarren "aitortza eta konponketa" eskatu du.

Ekitaldi horretan, biluzik, eskuak lotuta eta kaputxa beltzekin agertu diren gazteak Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Poliziaren egoitzaren aurrean etzan dira, bozgorailuetatik oihuak eta negarrak entzuten ziren bitartean.

Antzerki horren bitartez, Sortuk "torturaren errealitate gordina azaleratu" nahi izan du, Altunak komunikabideei adierazi dienez.

Alderdiko Kontseilu Nazionaleko kideak esan du 5.667 direla poliziaren torturen biktima izan diren euskal herritarrak, eta "aitortza, konponketa eta ez errepikatzeko bermea" behar duen "errealitate bat" dela.

"Milaka eta milaka euskal herritar izan dira torturatuak, eta torturaren praktika sistematikoa ezinezkoa izango litzateke arduradun politikorik ezean", salatu du.

Altunak esan du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak torturatu egin dutela. Hala ere, adierazi du giza-eskubideen urraketen "praktika sistematikoa" ez litzatekeela posible izango "politikarien, fiskalen, epaileen, medikuen eta komunikabideen isiltasunik gabe".

Sorturen buruzagiak azpimarratu duenez, "ezker abertzalea pausoak ematen ari da eta urratsak egiten jarraituko du biktima guztien aitortza lortu arte eta bizikidetza eta askatasun etorkizunerantz". Dena den, ohartarazi du "beste eragile batzuen garaia" dela orain "pausoak eman ditzaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Polizia abusuen biktimak