Politika -

EUSKADI IRRATIA

Itxaso Atutxak garrantzi handia ematen dio hezkuntza itunaren inguruan gehiengo zabala egoteari

EAJ, PSE-EE eta EH Bildu Hezkuntza Legean akordioa lortzeko prest agertu ostean, Elkarrekin Podemos batzeko aukera ikusten du EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak.

Itxaso Atutxa Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia
Itxaso Atutxa Euskadi Irratian
Itxaso Atutxa Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 26:01

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntzako euskal lege berriaren oinarri izango denaren lehen zirriborroa Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza lantaldean aurkeztu berritan, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu akordioa lortzeko prest agertu dira azken orduotan. Gai horren inguruan adostasun zabala izango dela aurreikusten du Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak eta garrantzi handia aitortu dio horri. "Gehiengo zabala dago hezkuntza itunaren inguruan", azpimarratu du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Balizko gehiengo hori oraindik ere zabalagoa izan daitekeela uste du, posible ikusten baitu Elkarrekin Podemos ere batzea.

Itunpeko ikastetxeen doakotasuna da mahai gainean dagoen auzietako bat. Itxaso Atutxaren ustez, diru publikoa jasotzen duten heinean doakoak izan behar dira. Horri lotuta gaineratu duenez, doakotasunak ez lieke kezka handirik sortu behar itunpeko hezkuntza zentroei eta Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak ulertuko dutela espero du.

Tokian tokiko administrazioei, batez ere, udalei, protagonismo handiagoa aitortzen zaie atzo aurkeztutako zirriborro horretan. "Ardura jartzen duzunean baliabideak jarri behar dira, ez da beti dirua", adierazi du. Atutxaren esanetan, EAEko udalei baliabide ekonomikoak baino kudeaketa baliabideak eman behar zaizkie.  

"Hezkuntza sistema orokor honetan garrantzitsua da eskola bakoitzak izango duen askatasuna", nabarmendu du Atutxak. Halaber, zentro bakoitzeko zuzendaritzaren balioa eta autonomia indartu egingo direlakoan dago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Bizkaia LOMLOE hezkuntza legea Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Hezkuntza sistemako albisteak Euskadi Irratia Gaurko azken ordukoa