Politika -
Biktimak
"Memoria atzean ez uztea" eta etorkizunean "proiektu politiko baztertzailerik ez egotea" eskatu du Buesak
Bestalde, Eduardo Madinak esan du ETAren aurkako borrokan euskal gizartearen gehiengoak "indiferentziaz" jokatzea hautatu zuela.
agentziak | eitb media
Sara Buesa Fernando Buesa Fundazioaren presidenteordeak "memoria atzean ez uzteko" eta "proiektu politiko baztertzaileek lekurik ez duten" etorkizuna eraikitzeko deia egin du. Gaineratu du biktimekiko enpatia ez dela "bateragarria biktimarioaren erasoak babestearekin".
ETAk Fernando Buesa PSE-EEren agintaria eta Jorge Diez bere bizkartzaina hil zituela 22 urte betetzear direnean, ekitaldia egin dute Europa Jauregian, eta bertan egin ditu adierazpenak Sara Buesa biktimaren alabak.
Sara Buesak adierazi du bere iragana "mingarria" dela, eta "harriz betetako motxila bat" dela. Azaldu du batzuetan etorkizun berri baterantz joaten saiatzen dela eta badirudiela ikusi egiten duela, "leiho bat ireki eta haize fresko eta garbia" sartzen dela. Baina gero "fantasmak" agertzen direla berriro, eta "konpondu gabeko iragan horrek tira" egiten diola "atzera".
Politikariaren alabak salatu duenez, ETAk "Euskal Herriarentzat etorkizun hobea saltzen" zuen, baina "paradoxikoki, etorkizun zehatzetarako aukerak deuseztatu zituen, etorkizun errealak, ukigarriak, egunerokotasunean zeudenak", "hildako pertsona guztienak".
Buesak uste du norberak lan pertsonala egin behar duela, baina bizikidetza berreraikitzea "besteekin harremanduta soilik egin daitekeen zeregina" dela. "Hartu-eman horrekin berrezar ditzakegu pertsona desberdinen arteko loturak, eta komunitate berekoak garela sentitu", azaldu du.
"Gaizki bizitzea zen erabaki zuzena"
Bestalde, Eduardo Madina PSOEren diputatu eta Euskadiko Ezkerraren Gazteen idazkari nagusi ohiak salatu du ETAren aurkako borrokan euskal gizartearen gehiengoak "indiferentziaz" jokatu zuela eta kostatu egin zitzaiola "ohartzea munstroari aurre egin behar zitzaiola".
Madinak 2002ko otsailaren 19an ETAk egin zion atentatua izan du gogoan Sara Buesak berak egin dion elkarrizketan, eta azpimarratu du ez dagoela "bizitza batek baino gehiago balio duen ideiarik", eta ETAk "ideia baliagarri bakarrak bereak izatea" nahi zuela.
ETAk "sufrimenduaren sozializazioa" deitu zionaren garaia "gogorra" izan zela aipatu du Madinak, eta horren aurrean milaka bizkartzainek egin zuten lana goraipatu du, horiei esker "pertsona asko daudelako hemen".
Euskal gizarteak ETAren aurrean izan zuen jokabidearen harira, Madinak ohartarazi du kasu askotan "indiferentzia" nagusitu zela. "Taldeka banatuz gero, handiena indiferentziak ezaugarritzen zuen. Gehiengo osoa izan zen munstroari aurre egin behar zitzaiola ohartzea kostatu zitzaiona", kritikatu du.
Era berean, gaur egun "memoriaren eta ahanzturaren arteko dialektika" nagusitzen dela adierazi du, eta ahanztura hori "kontzientzia txarra estaltzeko bidezidorra" dela. Horren harira, eta iraganaren "itxiera faltsua" egitearen beldur, Madinak esan du "gaizki bizitzea" zela "aukera zuzena", zeren "ez dakit Euskadin ondo bizi zirenek hautu zuzena egin ote zuten".