Politika -

Itsas Gudari Eguna

Blancok EAren "erronkei" heltzea eskatu du, "barne gatazkekin segundo bat bera ere" galdu gabe

Alderdiaren idazkari nagusiak esan du Nafarroa lehentasuna dela, "eskuina baztertzeko" apustuaren baitan. Kritikoek, berriz, primarioak eskatzen jarraitzen dute.

Eba Blanco Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Eba Blanco Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Eba Blanco Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eba Blanco Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiak alderdiak dituen "epe motz eta ertaineko erronka nagusiei" heltzeko deia egin du, eta "barne gatazketan segundo bat bera ere ez" galtzea eskatu du.

EAk ekitaldi politikoa egin du Bermeon Itsas Gudari Egunaren harira. Nestor Basterretxearen 'Matxitxakoko Guda' eskulturan lore-eskaintza egin du, "herriaren askatasunaren alde guztia eman zutenen" omenez.

Blancok Bermeoko Alkartetxean ohartarazi duenez, "barne gatazkek" ez diote "lan egiteko gogoa kenduko", "batzuk saiatu arren". "Erronka handiak ditugu epe ertain eta laburrean, eta ezin dugu segundo bat bera ere galdu", berretsi du.

Horren harira, ohartarazi du Errusiak Ukrainan egindako inbasioak ondorio "latzak" izango dituela mundu osoan. Horregatik, "eta Eusko Alkartasunak beti egin izan duen moduan, bide baketsu eta diplomatikoen alde" egin du "basakeria gelditzeko". Hala, gerraren "interes politikoak eta ekonomikoak" salatu eta errefuxiatuen egoera gogorarazi du.

Era berean, Nafarroan legegintzaldiaren amaierara iristear direla aipatu du, eta "EH Bilduk eskuina gobernutik baztertzeko egindako apustu politikoak markatutakoa" izan dela azpimarratu.

"Herritarrentzat ahalik eta baldintza ekonomiko eta sozial onenak bilatzean datza apustua, eta ahal den gizarte onena bilatzea eta eraikitzea", defendatu du.

Gainera, Nafarroa "lehentasuna" izango omen da, eta horretarako beharrezko jo du "EH Bilduren hautagaitzak onena ematea".

Azkenik, iragarri du EA kalera aterako dela emakumeen eskubideak defendatzera, sistema heteropatriarkala amaitzeko, kristalezko sapaiak apurtzeko eta "gizarte justuagoa" eraikitzeko.

Kritikoek primarioak eskatu dituzte

Bien bitartean, zuzendaritzarekin kritikoak diren militante batzuk 15 eguneko epean primarioak egitea eskatu dute, eta prozesu horren bitartez barne "elkarrizketarako bideak irekitzea", "jokabide autoritarioak" baztertzea, eta "elkarbizitza" sustatzea.

Herrialde guztietako 16 militantek osatutako talde horretan dago, besteak beste, Esther Larrañaga sailburu ohia.

Donostian emandako prentsaurreko batean, taldearen ordezkariak esan du primarioak alderdia "demokratizatzeko aukera" izan daitezkeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Politika Gaurko albisteak Nafarroan EAE albisteak Alderdi politikoak EA Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa