Politika -
AKORDIOA HEZKUNTZAN
Historikotzat jo dute EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek hezkuntza legearen inguruko akordioa
Halaber, lau taldeek egindako ahalegina nabarmendu dute akordioaren sinatzaileek, Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioko solasaldi politikoan.
EITB MEDIA
Negoziazio prozesu luze eta zail baten ondoren, Hezkuntza Legearen oinarrien inguruko akordio zabala itxi zuten atzo EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Biharamunean, pozik agertu dira itunarekin eta historikotzat jo dute. Legebiltzarkideen % 90ek baino gehiagok babestutako akordioa dela nabarmendu dute, eta taldeek egindako ahaleginean jarri dute azpimarra.
Era berean, iritzi eta ikuspuntu ezberdinak bat egitea lortu dela esan dute guztiek, "prozesuaren aniztasunaren garrantzia" azalduz. Euskara ardatz izango duen eredu eleanitza eta eskola publikoa erdigunean jarriko duen hezkuntza sistemaren oinarriak adostea lortu dela esan dute, ezberdintasunei aurre egingo diena eta hezkuntza komunitatera baliabide gehiago bideratuko dituena.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeen iritzian, Eusko Jaurlaritza hasierako posiziotik mugitzea lortu da, eta, oraindik, eztabaida luzea dago aurretik, harik eta legea indarrean jarri arte.
Bestalde, agertoki berria kontuan hartu eta martxoaren 25erako deitu duten greba deialdia berraztertzeko eskatu diete sindikatuei EAJk, PSEk eta EH Bilduk.PP-Cs taldeak, aldiz, gogor kritikatu du akordioa, eta EH Bilduren eskarien aurrean men egitea egotzi die sozialistei eta jeltzaleei. Gaztelera baztertzen duen ituna dela esan du PP-Csek.
Entzun, hemen, "Parlamento en las Ondas" saioa osorik