Politika -

ELKARRIZKETA DENIS ITXASORI

"Gobernuak espainiar interesak defendatu behar ditu eta Marokoren planteamendua begi onez ikusten dugu"

Dena dela, Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkariak ez dio uko egin gatazka hau Nazio Batuen baitan lantzeko aukerari. Gogoratu du hamarkadetan ez dela aurrerapausorik eman, eta "ausart" jokatzeko momentua dela.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria
Denis Itxaso, Mendebaldeko Saharari buruz: "Ausartak izateko momentu iritsi da"

5:48

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkariak dio Gobernuak espainiar interesak defendatzeko betebeharra duela eta Marokok egin duen planteamendua begi onez ikusten dutela. "Modu errealista batean kudeatu beharreko gai bat dela proposatzen du Espainiako Gobernuak", gaineratu du. Dena dela, ez dio muzin egin NBE Nazio Batuen Erakundearen baitan gatazka jorratzeko aukerari.

Sahararen inguruan dagoen egitasmoaren aurrean ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan Itxasok azaldu du orain arteko jarrerari eutsiz hamarkadetan ez dela aurrerapausorik eman, eta "ausart" jokatzeko momentua dela. Talde politiko ia gehienek Espainiako presidentearen agerraldia eskatu ondotik, Sanchez egunotan Ceutan eta Melillan izango dela eta litekeena dela hor zerbait esatea adierazi du: "Nik itxarongo nuke han ia zer gertatzen den".

Ukrainatik ihes egin duten pertsonak ere izan ditu hizpide, eta guda hori dela-eta Europak duen egoera latza azpimarratu du. "Ukraina kulturalki eta territorialki Europa da, eta obligazio morala dugu laguntzeko", azaldu du. "Beharrezkoak diren sistema publiko guztiak ukrainarrentzako prest" izango dituztela nabarmendu du; izan ere, Itxasoren hitzetan, Espainia da Polonia, Alemania eta Italiaren ondoren ukrainar diaspora handiena duen herrialdea.

Hala, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak adierazi duenez, Ukrainan inbasioa hasi zenetik, 300 ukrainarrek erregularizatu dute euren egoera Polizia Nazionalak Euskadiko hiru hiriburuetan dituen polizia-etxeetan. Halaber, azaldu du doako garraio-txartelak eskaintzen dizkietela Irungo mugara (Gipuzkoa) iritsi eta Estatuko beste toki batzuetarako bidean Euskaditik igaro nahi duten ukrainarrei.

Garraiolarien grebaren inguruan esan du Frantzian edo Portugalen hartu den antzeko erabakia hartu duela Espainiako Gobernuak garraiolariei laguntzeko. Onartu du patronal handiek bat egin dutela erabaki horrekin, eta, txikiek, berriz, ez dutela bete-betean onartzen. "Nahi duguna da laguntza-pakete sendo eta indartsu bat egitea gerra dela-eta sufritzen dabiltzan sektoreentzat", gaineratu du.

Energiaren merkatuaren eraldaketaren harira esan du Espainiarentzat bereziki garrantzitsua dela eta geroz eta akordio handiagoa dagoela Europako beste herrialdeekin. Horren harian, gogoratu du atzo Espainiako Gobernuak eta garraio sektoreko enpresa nagusiek 500 milioi euroko neurriak adostu zituztela gasolioaren prezioa merkatzeko eta erregaien garestitzeak eragin duen krisiari aurre egiteko. "Ukrainako gerrak agerian utzi du Espainia aspalditik egiten ari den proposamena guztiz beharrezkoa dela", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ukraina Bizkaia Gipuzkoa Araba Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Denis Itxaso Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak azken ordukoa Mendebaldeko Sahara Errusia-Ukraina gerra gaur