Politika -

Ekimena

Kongresuak PSOE bakarrik utzi eta Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioa babestu du

Unidas Podemos, ERC eta EH Bilduren ekimena onartu du Ganberak, aldeko 168 botorekin, kontrako 118 bozarekin eta 61 abstentziorekin (Vox eta Ciudadanos).

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mendebaldeko Saharak, NBEko ebazpenen markoan, autodeterminazio erreferendum batean bere etorkizuna erabaki ahal izatea babestu du Diputatuen Kongresuko gehiengoak ostegun honetan. Honenbestez, Ganberak PSOE bakarrik utzi du; izan ere, ekimenaren aurkako botoa eman duen indar politiko bakarra izan da.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Mohamed VI. erregearekin biltzeko Rabatera joan den egunean, hain zuzen ere, Ganberak Unidas Podemos, ERC eta EH Bilduren ekimena onartu du, aldeko 168 botorekin, kontrako 118 bozarekin eta 61 abstentziorekin (Vox eta Ciudadanos).

"Gaur Pedro Sanchezen hanka-sartzea zuzendu da. Gaur Kongresuak argi utzi du gehiengoaren jarrera: NBEren eta MINURSOren ebazpenak errespetatu behar dira. Hori da Espainiako Estatuaren jarrera, eta ez beste bat. Sanchezek ez du zilegitasunik Estatua ordezkatzeko eta jarrera aldatu dela esateko", adierazi du Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak saioa bukatu ondoren.

Iñarrituren esanetan, "PSOEren jarrera aldaketak NBEko ebazpenetan tokirik ez duela agerian geratu da. Aurkeztu dituzten zentzurik gabeko aitzakiak kenduta, aurkako botoa eman dute gaur, ez dakigu Marokok abisua eman dielako edo Nazio Batuen ebazpenak babesten ez dituztelako ote den".

"Gaur Sanchez Rabatera doa erabateko bakartasunean", ondorioztatu du koalizioko ordezkariak. "Gaur Gorteetan berretsitako jarrera bakarrik defendatu dezake, beste edozein jarrera pertsonala edo PSOErena izango litzateke, baina ez du Kongresuaren babesik izango. Sanchez izango banintz barregarri sentituko nintzateke, ez dakit zer pentsatuko duen Mohamed VI.ak, Sanchez eta Albares Kongresuaren babesik ez duen jarrerarekin agertzen direnean", gaineratu du.

Sozialisten kontrako botoak PSOEko diputatu batzuen haserre handia eragin du, baita koalizio Gobernuaren barruan ere. Horrela, Odon Elorzak, nahiz eta azkenean boto-diziplina errespetatu, bozketa baino lehen PSOEren jarrera "aldaketa" deitoratu du, testua "onargarria" zelako.

Beatriz Micaela Carrillo PSOEko diputatuak, aldiz, ekimenaren aldeko botoa eman du, esan duenez, hanka sartu duelako.

Bozketan, PPk Unidas Podemosekin eta Sanchezen inbestidura bazkide guztiekin bat egin du, eta Vox eta Ciudadanos abstenitu dira.

INTERESEKOA: Zer gertatzen ari da Mendebaldeko Saharan?

Legez besteko proposamena aurrera atera da, alderdi laranjak eta EAJk proposatutako zuzenketarik gabe.

Odon Elorza PSOEko diputatu donostiarra gaurko saioan. Argazkia: EFE

Odon Elorza PSOEko diputatu donostiarra gaurko saioan. Argazkia: EFE

Testua aldatu ezean babestu behar zuela iragarri zuen PSOEk aste honetan, baina azkenean aurkako boza ematea erabaki du, Gerardo Pisarello UPko diputatuak Sanchezen Exekutiboari "eraso egin" diola iritzita. Legez besteko proposamena defendatzeko, Sahararen egoera Ukrainakoarekin alderatu zuen Pisarellok.

Kongresua "Gobernuaren jarrera aldaketaren" aurka agertzea nahi zuen EAJren zuzenketak, "aldebakarreko norabide aldaketa erradikala" izan delako, "Marokoren 2007ko autonomia planaren aldeko apustu argia egin duelako".

Elorza: "Gaur, hain zuzen ere, ez nuen arrakala zabaldu edo sortu nahi"

"Arrakalarik" ez sortzeko azkenean ezezko botoa ematea erabaki duela azaldu du Odon Elorzak. "Gaur, hain zuzen ere, ez nuen Gobernuko presidentearen babesean arrakala zabaldu edo sortu nahi, Marokon dagoenean", adierazi du saioa bukatu ondoren.

Ganbera barruan, bozketaren ondotik, hitza eskatu du Elorzak, kontrako botoa azaltzeko asmoz, baina Meritxell Batet Kongresuko presidenteak ez dio utzi. Azalpenak "talde parlamentarioek" ematen dituztela erantzun dio Batetek.

Elorzaren ahotan, bere "printzipioen, usteen eta konpromisoen aurkako" botoa ematera eraman duen beste arrazoia Kongresuko araudia bera izan da, "kontzientzia bozkatzeko aukerarik uzten ez duelako".

"Kongresuko araudiak diputatuen kontzientziazko boto askatasuna babestu beharko luke, baina ez du babesten", salatu duenez.

Gainera, nahiz eta testuan zuzenketen bidez aldaketarik ez sartu, talde parlamentario sozialistak ezezko botoa ematea erabaki du, eta Elorza kexu agertu da, hasierako ideia legez besteko proposamena babestea zelako.

Diputatu sozialistaren esanetan, PSOEren erabakiaren berri komunikabideen bidez izatea "ez da berezkoa demokrazia parlamentario batean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia NBE Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Mendebaldeko Sahara Maroko