Politika -

Mendebaldeko Sahara

Fronte Polisarioak eten egin ditu harreman politikoak Espainiako Gobernuarekin

Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaritzak Sanchezi eskatu dio argitzeko zer den beretzat Marokoko lurraldearen osotasuna eta Mendebaldeko Sahara lurralde horretan sartzen duen, eta zergatik hartzen duen Marokoren proposamena irtenbide bakar, serio eta errealistenatzat.

Abdulah Arabi, Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaria, gaur. EFE
Abdulah Arabi, Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaria, gaur. EFE
Abdulah Arabi, Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaria, gaur. EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Saharako Gobernuak Espainiako Gobernuarekin harremanak etetea erabaki du, eta halaxe berretsi du Abdulah Arabi Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak. Prentsa aurrean egindako agerraldian, Pedro Sanchezen Gobernuari eskatu dio argitzeko ea Mohamed VI.ari bidalitako gutunean lurralde-osotasunaz hitz egiten duenean Mendebaldeko Sahara sartzen duen osotasun horretan.

Mendebaldeko Sahararako Marokoren autonomia-proposamena babesteko hartutako erabakia zuzentzeko eskatu dio Fronte Polisarioaren ordezkaritzak Pedro Sanchezen Gobernuari; izan ere, ordezkaritzaren arabera, erabaki horrek "konponbideari lagundu beharrean, lau pauso ematen ditu atzera: aldeetako baten alde jartzen da, azken 46 urteetako adostasunarekin hausten du, nazioarteko zuzenbideak ezarritakotik aldentzen da eta Mendebaldeko Sahararen konponbidea eta Nazio Batuen zeregina oztopatzen ditu".

Marokoko erregeari bidalitako gutunaren kontzeptuak argitzeko eskatu dio Arabik Sanchezen Gobernuari, "arrisku handiko kontzeptuak" liratekeenak, hala nola bi herrialdeen lurralde-osotasunari dagokiona. "Marokoren lurralde-osotasunaz zer ulertzen duen eta Mendebaldeko Sahara Marokoko osotasun horren baitan sartzen duen argitzea nahi dugu, hori oso larria bailitzateke", adierazi du Fronte Polisarioak Espainian duen bozeramaileak.

Gogorarazi duenez, nazioarteko zuzenbideak onartzen du Maroko eta Mendebaldeko Sahara bi herrialde desberdin eta bereiz direla. Hori dela eta, "Mendebaldeko Sahara eta bere aberastasun naturalak ezin dira Europar Batasuneko herrialde baten eta Marokoren artean inolako akordio ekonomikoren xede izan, saharar herriaren eta haren ordezkari bakarra eta legitimoa den Fronte Polisarioaren baimenik gabe".

Gainera, bigarren eskaera bat ere egin dio; argitzeko zergatik uste duen Espainiako Gobernua Marokok planteatutako autonomia-proposamena dela "irtenbide bakarra, errealistena, serioena eta bideragarriena".

Fronte Polisarioko bozeramailearen arabera, adierazpen horrek "hautsi egiten du azken 46 urteetan egon den adostasuna",  Nazio Batuekin bat datorren eta Nazio Batuen Batzar Nagusiaren eta Segurtasun Kontseiluaren ebazpenen esparruan kokatzen den konponbide bat bilatzearena.

Halaber, ziurtatu duenez, "Espainia nazioarteko zuzenbidetik aldentzen da Marokoren, Mendebaldeko Saharako lurraldea duela 46 urtetik inbaditzen eta erasotzen duen potentziaren aldebakarreko proposamen baten alde egiten duelako".

Baliteke hau zure interesekoa izatea: INFOGRAFIA: Zer gertatzen ari da Mendebaldeko Saharan?

Autodeterminazio eskubidea

Arabik ohartarazi duenez, Mendebaldeko Sahararen egoerarena, amaitu gabeko deskolonizazio kontu bat da oraindik ere, eta "prozesu hori burutzeko modu bakarra da saharar herriari, nazioarteko zuzenbidearen esparruan, zer izan nahi duen erabakitzeko aukera ematea, autodeterminazio-erreferendum baten bidez".

Fronte Polisarioaren arabera, lege-esparruak independentzia aukeretako bat bezala jasotzen du, "baina guk Mendebaldeko Sahararen konponbiderako irtenbide egoki eta bideragarritzat jotzen den beste edozein aukera  ere onartuko dugu", adierazi du.

Halaber, argitu du Fronte Polisarioa ez dagoela Espainiaren eta Marokoren arteko harremanak onak izatearen aurka, baina salatu du "Marokok, saharar herriaren asmo legitimoen kaltetan baldintzatu nahi dituela Espainiarekiko harreman horiek". Hori dela eta, Sanchezen Gobernuak Espainiaren kolonia ohiarentzako Marokoren autonomia-planarekiko babesean atzera egitea galdegin du.

Era berean, eskerrak eman dizkie indar politikoei, sindikatuei eta saharar herriarekiko "elkartasun mugimendu zabal eta zeharkakoari", Espainiako Gobernuaren "erabakiarekin ados ez dagoela adierazi baitute hasieratik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua NBE Eguneko albisteak Albisteak Mendebaldeko Sahara Maroko